Donostiako Udalak 807.000 euro handituko du kolektibo ahulentzako aurrekontua

0

Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako zenbatekoa 2,6 milioi eurotik 3,5 milioi eurora igaro da, elikaduraren eta energiaren oinarrizko gastuei aurre egiteko

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du kolektibo ahulentzako laguntzetara bideratutako aurrekontua handitzea. Zehazki, handitu egingo dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) onuradun diren familiei eta pertsonei esleitutako zenbatekoak, eta Lan Partekatuaren Plana Babesteko Languntzak (APPTC) jasotzen dituztenei esleitutako zenbatekoak.

Horrela, Udalak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen arloan izango duen aurrekontua 2,6 milioitik 3,5 milioi eurora pasako da. Honek esan nahi du 807.000 euro gehiago erabiliko direla elikaduraren eta energia-gastuen oinarrizko beharrak asetzeko. Igoera honen jatorria Isuri erreskate-funtsa da. Eusko Jaurlaritzak aktibatu du funts hau, Ukrainako gerrak Euskadin eragindako ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko.

2021ean, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen bidez, guztira 1,7 milioi euro bideratu ziren etxebizitzarekin lotutako gastuetarako, eta 1,1 milioi energia-gastuetarako.

Halaber, Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Lan Partekatuaren Plana Babesteko dirulaguntzak (gizarteratzeko udal laguntzak) emateko irizpideak aldatzea: GLL dirulaguntzak emateko finkatutako irizpideak APPTC delakoak emateko erabiliko dira. Aldaketa honen helburua dirulaguntzen irismena zabaltzea da eta, modu honetan, kolektibo eta pertsona zaurgarri guztietara iristea. Udalak bere gain hartzen ditu aldaketa honek eragindako gastu guztiak.

“Premia duten guztiengana iristea” helburu

Bi kasuetan, jaso beharreko hileko gehieneko zenbatekoek honako igoera hauek izan dituzte: kide bat duen bizikidetza-unitate (BU) batentzat, 250 eurotik 360 eurora; bi kideko bizikidetza-unitate batentzat, 300 eurotik 465 eurora; eta hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitate batentzat, 350 eurotik 515 eurora.

Donostiako alkate Eneko Goiaren hitzetan, “energiaren kostuaren eta oinarrizko beharren igoerarekin, beharrezkoa ikusi dugu laguntzak eskuratzeko baldintzak aldatzea, premia duten pertsona eta familia guztiengana iristeko”. “Beti izan dugu argi hiriko kolektibo eta pertsona zaurgarri guztiei lagundu behar diegula, eta ez dugula inor atzean utziko”, gaineratu du.

2021eko ekitaldian, Udalak 972.471 euroko funts propioekin Donostiako familia ekonomikoki ahulenei lagundu zien.