Javier Hurtado sailburua: «Retail Euskal Eskolak merkataritza-sektoreari lagundu nahi dio jasangarritasuna oinarri duen eredu berrira egokitzeko bidean»

0
PRUEBA

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Retail Euskal Eskolaren II. Biltzarraren inaugurazioan parte hartu du gaur. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Eusko Ganberak merkataritza-ganberen laguntzarekin, antolatu du Biltzarra, merkataritza-sektorearen prestakuntza bultzatze aldera. II. Biltzar honek jasangarritasuna eta merkataritzaren etorkizuna izan ditu ardatz.

Sailburuak nabarmendu duenez, Retail Euskal Eskolak merkataritzari lagundu nahi dio eredu berri baterako trantsizioan; izan ere, “proiektu heldua da, baina etengabe garatzen ari da, merkatarien beharren ildotik. Horretarako, konpetentzia digitalen arloko prestakuntza eskaintzen die merkatariei, baita soluziorik egokienak ezartzeko laguntza pertsonalizatua ere”.

Sailburuak azaldu duenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila Euskal Merkataritza Estrategia (2030) prestatzen amaitzen ari da. Estrategia horren barruan egindako merkataritzaren egoeraren lehen diagnostikoak aditzera ematen digu jasangarritasuna zela sektorean gertatzen ari ziren aldaketa askoren oinarria, lotura zuzena baitu jasangarritasunarekin konpromiso handiagoa duen kontsumitzaile berri baten ohiturekin.

“Hartara, merkataritzak bat egin behar du gizarte deskarbonizatu eta jasangarri baterako ingurumen-trantsizioarekin, balio eta bizimodu berriak eta kontsumo arduratsua hedatzen ari baitira. Gainera, berriro definitu beharko du biztanleriaren zahartzearen aurrean betetzen duen zeregina; izatez, adinaren kudeaketak bihurtu behar du gure gizartearen giltzarri”.

“Azken batean”, adierazi du sailburuak, “2022an, esan dezakegu ingurumenaren eta gizartearen aldetik kontzientea den merkataritza-eskaera baten aurrean gaudela, eta merkataritzak ezin duela ezikusiarena egin. Kontsumitzaile berriaren ohitura berriek eramaten gaituzte digitalizazioaren, erosketa-kanal ororen eta erosketa-esperientziaren aldeko urratsak ematera eta bezeroaren beharrei arreta berezia eskaintzera. Eta saltokia eredu horri egokitu beharko zaio, betiere gure herrietan eta hirietan betetzen duten gizarte- eta kohesio-rol garrantzitsua ahaztu gabe. Merkataritzak erosketa-kanal ugari erabiltzen duten eta jasangarritasunaren defentsan oso kontzientziatuta dauden 5 belaunalditako kontsumitzaileei erantzun behar die”.

Retail Euskal Eskolaren II. Biltzarra

Biltzarraren inaugurazioaren ondoren, hasierako txostena aurkeztu du Rebeca Zornoza jasangarritasunaren arloko adituak: “Zer den saltegi jasangarria. Zer ekarpen du jasangarritasunak nire saltegiaren errentagarritasunean”.

Asier Aranbarri Lehendakaritza Saileko Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiko Berrikuntza Sozialaren zuzendariak Garapen Jasangarriko Helburuen ikuspegitik aztertu du merkataritzaren egoera; eta neutraltasun klimatikoa izan da Mª José Sanz BC3 Basque Centre for Climate Change erakundeko zuzendariaren hitzaldiaren ardatza.

Jardunaldiari amaiera eman zaio zero hondakinaren arloko tokiko enpresen jardunbide arduratsuekin —Alejandro Martínez Berriochoa, EROSKIko Osasun eta Jasangarritasun zuzendariaren eskutik— eta Arlekin liburu-dendaren (Gasteiz), Kattalin arropa-dendaren (Gorliz) eta Nomada saltokiaren (Donostia) adibideei buruzko mahai-inguruarekin.