Javier Hurtado sailburuak gastronomia-kazetaritzaren saria eman dio Sarah Jean Evans kazetariari, San Sebastian Gastronomikaren barruan

0
PRUEBA

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Pau Albornà i Torras gastronomia-kazetaritzaren saria eman du San Sebastian Gastronomika kongresuaren barruan. Sarah Jean Evans idazle eta kazetari ingelesak jaso du saria. Sarah Jean Evans aditua da Espainiako ardoetan eta, batik bat, Jerezko ardoetan, Master of Wine maisua da, BBC Good Food aldizkariko zuzendariordea, Academy of Chocolate akademiaren sortzailea eta Ardoaren Zaldunen Ordena Nagusia lortzen duen laugarren emakumea.

Sailburuak aditzera eman du Euskadik leku nabarmena duela nazioarteko gastronomia-panoraman, eta, hein handi batean, “gure Ostalaritza Eskoletan edo Basque Culinary Center gisako zentroetan trebatu diren sukaldariei eta aretoko langileei esker. Zentro horiek prestakuntza-guneak baino gehiago dira; zentro horietan, jada, pentsatzen eta diseinatzen ari da nolakoa izango den etorkizuneko euskal gastronomia. Oraingoak bezala, eragina izango duen gastronomia, sarituko dena eta, aldi berean, gure bisitari guztiei gozaraziko diena”.

Euskal gastronomiaren proiekzioan eragina izan du, halaber, “Euskadira urtero etortzen diren kazetariek eta kritikariek haien audientziei helarazten dieten irudi onak”. Profesional horiek Euskadik turismo-destino gisa duen irudia indartzen laguntzen dute. Horregatik, hain zuzen ere, bihurtu da gastronomia gu bisitatzea erabakitzen duten bidaiarien lehen motibazio.

“Gure gastronomia mundura irekita dagoen Euskadi plural baten isla da. Gastronomiaren arloko izar berri horiekin, izar ospetsuekin eta euskal sukaldaritzaren profesional berriekin pertsona bakoitzaren baitan esperientzia berdingabea sortzea lortzen dugu. Bidaiaria erakarri nahi dugu, eta gehiago ezagutzeko eta ikertzeko eta gure artean denbora gehiago emateko eta errepikatzeko nahia piztuko dion esperientzia berezia eskaini nahi diogu” aditzera eman du sailburuak.