Gure justizia:guztiontzako justizia da gaur goizean Bilboko Auzitegi Nagusiko ikustaldi aretoan egin den jardunaldiaren izenburua. Topaketak esparru judizialeko hainbat eragile bildu ditu, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek EAEko 2022-2028ko Justizia Plan Estrategikoa aurkeztu die. “Plan honek hurrengo urteetarako gure ibilbide-orria ezartzen du, Eusko Jaurlaritzak Justiziaren arloan izango dituen erronka eta jarduera nagusiei buruz”, azaldu du sailburuak hitzaldiaren hasieran.
Aurkezpen-ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal Nagusia Carmen Adánek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaria Blanca Rosa Barberok ere parte hartu dute.
Topaketak José Ramón Chaves administrazioarekiko auzietako magistratu espezialistak emandako hitzaldi batekin jarraitu du Izen hori merezi duen justiziaren erronkak izenburupean. Halaber, mahai-ingurua egin da, Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordeak moderatua. Bertan izan dira Antón María Echevarrieta, Legelarien Euskal Kontseiluko presidentea; Pablo Bustamante, Prokuradoreen Euskal Kontseiluko lehendakaria, eta Guillermo Gumb, Lan Harremanetako Graduatuen Euskal Kontseiluko presidentea.
Ehun bat lagun bertaratu dira jardunaldira, esparru judizial eta sozial desberdinen ordezkari gisa: epailetza, fiskaltza, abokatutza, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea, Biktimari Laguntzeko Zerbitzua eta arlo sindikala, besteak beste.
“Plan honekin legegintzaldi honetako gobernu-programaren 97. konpromisoari erantzuten diogu: Justiziako Plan Estrategikoa onartzea, justizia arinagoa, eraginkorragoa eta digitalizatuagoa, pertsonengan oinarritua eraikitzeko parametroak ezarriko dituena”, esan du Artolazabalek.
Egoitza judizialen plana
Sailburuak azaldu duenez, 2022-2028 Justiziako Plan Estrategikoko lan-ildoetako bat egoitza judizialetan oinarritzen da, eta haren planaren helburua da zerbitzuaren beharrei erantzungo dieten eraikin judizialak, instalazioak eta baliabide materialak izatea “eta beren funtzioari erantzutea, seguruak, irisgarriak, jasangarriak, funtzionalak eta erosoak izanik”.
Ildo horretatik, Artolazabalek Eremu gehiago proiektua aipatu du. Proiektu horretan, bere saila aspalditik ari da lanean, eta horren adierazgarri nagusia izan da Mapfrek Bilbon duen egoitza izeneko eraikina erostea.
“Sortutako lan-taldean etorkizunean izango dituen erabilerak zehaztu ondoren, duela gutxi adjudikatu dugu urte-amaieran emango diguten obra-proiektuaren idazketa”, azaldu eta erantsi du: “Gure asmoa da obrak 2023an lizitatu eta esleitzea, eta exekuzioa bukatuta egotea eta eraikina 2025. urtea bukatuta okupatu ahal izatea”.
Bestalde, Egoitza Judizialen Planak 2030 arte eraikin judizialetan jarduteko egutegia ere jasotzen du. “Obra berrien, erreformen edo birgaitzeen bidez jarduerak planifikatuko ditugu, antolamendu- eta jarduera-aldaketa batzuk eragingo dituen arau-esparru berria kontuan hartuta”, adierazi du sailburuak, eta energia-jarduketen proiektua ere aipatu du, justizia-eraikin guztiak energetikoki jasangarriak izan daitezen.
Adostasun zabala
Beatriz Artolazabalek nabarmendu du 2022-2028 Justizia Plan Estrategikoak adostasun zabala lortu duela: “Errealitate zail batetik abiatuta, eskumen-esparru konplexu batekin, hainbat eskumen-eragilerekin, esan dezaket plan hori egiteak ekarpen handia egin duela eta oraindik ere ekarpenak egiten dituela”, esan du.
“Epailetzako, Fiskaltzako, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko, Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza Kidegoetako eta Justizia Sailburuordetzako hainbat taldetako pertsonek hartu dute parte”, adierazi du sailburuak bere hitzaldian.
Gainera, azaldu duenez, aurrez aurreko saioak egin dira abokatutzako ordezkariekin, prokuradoreekin eta gizarte graduatuekin. Eta, era berean, “konparaziozko inkestak egin ditugu herritarren, biktimen, eragile juridikoen elkarte eta ordezkaritza-elkargoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko justizia-sistemako erakundeen, gizartearen eta beste eragile garrantzitsu batzuen ordezkariekin”.
Ildo horretatik, Justizia Planaren ildo estrategikoetako batek Justiziaren aldeko batugaia du izenburu, “administrazio eta eragile juridikook zerbitzua hobetzeko ahaleginean laguntzeko eta osatzeko mekanismoak hobetzeko beharra ikusten dugulako”, azaldu du Artolazabalek.
Ildo horretatik, Justizia Planaren ildo estrategikoetako batek Justiziaren alde elkarlanean du izenburu, “administrazio eta eragile juridikook zerbitzua hobetzeko ahaleginean laguntzeko eta osatzeko mekanismoak hobetzeko beharra ikusten dugulako”, azaldu du Artolazabalek. Ildo horretan aipatu dituen proiektu garrantzitsuenetako batzuk hauek dira: erakundeen artikulazioa hobetzea, eragile judizialen arteko harremana dinamizatzea eta hainbat sektorerekin lan-taldeak egituratzea eta abian jartzea, besteak beste, hezkuntza, segurtasuna, gizarte-politikak eta biktimak.
Espediente judizial elektronikoa
Erronka digitalari dagokionez, Artolazabal sailburuak jakinarazi du Avantius sistema berrian espediente judizial elektronikoa ezartzeko lanean jarraitzen dela.
“Euskal justiziaren gaur egungo eta etorkizuneko funtzionamendu egokirako giltzarria da”, aitortu du. Eta iragarri du: “Gaur, atseginez eta harrotasunez, esan dezakegu espediente berri hori dagoeneko ezarrita dagoela Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzio osoan, eta datorren ostiralean izango dela gizarte-jurisdikzioan”.
Espediente judizial elektronikoa 2023ko martxoan ezartzea aurreikusten da.
2022-2028 EAEko Justizia Plan Estrategikoaren laburpen exekutiboa: