Etengabe eraldatzen ari den mundu honetan, ezinbestekoa da irakaskuntza/ikaskuntza prozesua birpentsatzea eta berritzea. Ildo horretan, 2012-2013 ikasturtean, Euskal Herriko Unibertsitateak bere ikasgeletan prestakuntza duala sartzearen aldeko apustua egin zuen, goi mailako hezkuntzako ezein erakundek aplikatzen ez zuenean. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateak irekitako bideari jarraituz, unibertsitate askok bere egin dute eredu hori, hots, enpresan eta unibertsitatean irakasteko eta ikasteko prozesuak modu koordinatuan eta txandakatze erregimenean uztartzekoa, lantokian iraupen desberdineko egonaldiak eginez.
Eredua hedatu ondoren, esperientziak eta arazoak partekatzea zen logikoena. Horregatik, 2019an, Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko prestakuntza dualari buruzko lehen kongresu antolatu zuen, arrakasta handiz. Bihar, duela hiru urte hasitako bidean aurrera eginez, UPV/EHUk Unibertsitateko Prestakuntza Duala Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruan Nazioarteko II. Biltzarra egingo du. Biltzarrak 150 parte-hartzailetik gora izango ditu, tartean, hamahiru autonomia-erkidegotako unibertsitateetako ordezkariak. Biltzarra antolatzen, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan ari dira Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Unibasq, Adegi, Confebask eta IMH Campusa.
Hala bada, biltzarraren inaugurazioan Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua izango dira.
Nazioarteko topaketa honen helburu zehatzak honako hauek dira: Europako goi mailako hezkuntzaren esparruko esperientzia erreferenteak zuzenean ezagutzea; eredu hori garatu dutenen arteko esperientzia trukea sustatzea; prestakuntza dualaren egoera eta erronkak identifikatzea unibertsitate/enpresa harremanari dagokionez; kalitateari eta garapen esparruei buruz eztabaidatzea; unibertsitateko prestakuntza dualaren kontzeptuen eta alderdi kritikoen inguruko ikerketen trukea sustatzea; eta gogoeta gune bat partekatzea, elkarlanerako eta sarean lan egiteko.
“Prestakuntza duala hezkuntza zentroaren eta enpresaren arteko prestakuntza-denbora elkarbanatzeko printzipioan oinarritzen da, jarduera profesional bat gauzatzean; horren bidez, ikaslearen prestakuntza- eta eraldaketa-identitatea itxura hartzen joaten da. Donostian egingo den topaketak hezkuntza eredu horren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko balioko du”, azaldu du Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.
Frantziako esperientzia
Topaketan, Frédéric Sauvagek emango du Frantziako arrakasta kasuaren berri, topaketaren hitzaldi nagusia izango dena. Frédéric Sauvage Formasup NPC Hauts de France-ko zuzendaria da. Partzuergoa 40 goi mailako hezkuntza zentro, unibertsitate eta ikasketa zentrok osatzen dute, eta Frantziako iparraldean prestakuntza eta lana uztartzeko programak garatzen dituzte. 2019az geroztik, ANASUPeko presidentea da. Frantziako elkarte horrek unibertsitateetan eta Grandes Écoles-etan programa dualak garatu eta defendatzeko lan egiten du.
Gainera, zenbait mahai-inguru egingo dira, Unibertsitateko Prestakuntza Dualarekin zerikusia duten gaurkotasuneko gaiak jorratzeko, hala nola irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuak, unibertsitate irakaskuntzak antolatzeari eta kalitatea ziurtatzeko prozedurari buruzkoak, ezartzen duen arau esparru berria, eta prestakuntza dualeko programen tutoreak eta trebatzaileak prestatzeko beharra. Enpresen eta parte hartzen duen ikasleen lekukotzekin osatuko da jardunaldia, zeinetan 9 komunikazio eta beste hainbeste poster aurkeztuko baitira.
“Biltzarren bidez, balioa eman nahi diegu Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko prestakuntza dualean azken hamar urteetan metatutako esperientziari eta ezagutzei, eta, orobat, aditu eta practitioner prestigiotsuak lagun, estatuko arau esparru berriak dakartzan erronkak aztertu nahi ditugu, alegia, prestakuntza dualeko programez gain, horietan parte hartzen dutenak ere, unibertsitateko tutoreak eta enpresetako trebatzaileak zehazki, egiaztatzeko premia”, gaineratu du Fernando Tapia errektoreordeak.
Bien bitartean, prestakuntza duala eskaintzen duten UPV/EHUko 11 gradu eta 2 masterretan, ikasturte berria abaila hartzen ari da.