Laguntzak abeltegiko animaliak elikatzeko operadoreentzat, Ukrainaren inbasioak abeltzaintza-sektorean izan dituen ondorioak arintzeko

0
Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren deialdia onetsi du, abeltegiko animaliak elikatzeko operadoreei 1.850.000 euroko aparteko aldi baterako laguntzak emateko, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko.

Helburua abeltzaintza-sektoreari laguntzea da, lehengaien hornikuntza bermatuz, eta, horri esker, abeltegiko animalien elikaduraren sargai nagusien gehikuntzei eustea; izan ere, Errusiak Ukraina inbaditzeak eragin handia izan baitu sektore horretan.

Ukrainaren inbasioak larritu egin du nekazaritza-sektoreen zati handi batek jada bizi zuen egoera (EBtik kanpoko sargaien mendekotasun handia dute). Energiaren, ongarrien, zerealen eta olioen kostuaren igoeren eragin konbinatua bereziki larria da abeltzaintzarako; izan ere, gerra hazi zenetik, pentsuen eta artoaren (pentsua egiteko lehengai nagusia) prezioa % 45 igo da.

Laguntza horiei gehitu behar zaizkie Eusko Jaurlaritzak irailaren amaieran nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiei laguntzeko onetsi zituen 14,1 milioiak, Errusiak Ukrainaren aurka egindako inbasioa dela eta, ekoizpen»kostuak handitzearen ondorioz jasaten ari diren zailtasunak arintzeko xedez.

Kasu horretan, laguntzak azpisektore hauetako enpresei zuzenduta zeuden: behiak, ardiak, ahuntzak, haragitarako hegaztiak eta hegazti erruleak, txerriak, untxiak, zaldiak, patata, erremolatxa, bazka-artoa eta zenbait lekadun.

Izapideak eta baldintzak

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko eskumena. Enpresek baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Adierazpen horretan berariaz adierazi beharko da onuradun izan daitezkeenak ekonomikoki kaltetuak izan direla Ukrainako inbasioaren ondorioengatik, Nazioarteko Komunitateak Errusiaren aurka ezarritako zehapenengatik edo hark hartutako kontraneurriengatik. Era berean, aldi baterako esparru nazionala edo Europako aldi baterako esparrua aplikatzearen ondorioz jaso duten beste edozein laguntza deklaratu beharko da.

Laguntzak ofizioz emango dira. Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncio/) argitaratuko ditu gehienez 20 egun balioduneko epean, agindua indarrean jartzen den egunetik zenbatzen hasita, erakunde onuradunen behin-behineko zerrenda eta jasoko duten laguntzaren behin-behineko zenbatekoa. Onuradunek 10 egun balioduneko epea izango dute, emaitza argitaratzen denetik, laguntza errefusatzeko edo datuak kontsultatzeari uko egiteko. Zerrendan agertzen ez diren eta onuradun izan daitezkeen erakundeek epe bera izango dute, egoki iritzitako akatsak, ez-egiteak edo bestelako inguruabarrak alegatzeko; horretarako, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Epe hori igarotakoan eta ezarritako baldintzak ofizioz egiaztatu ondoren, berehala eta Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez, dagozkion laguntzak emango dira.