Gaur egun, eta gero eta gehiago, etxebizitza kontzeptua premia eta baldintza berri ugarik zeharkatzen dute. Horiek, etxebizitza eraikitzea bizitzeko espazioak sortzea baino askoz gehiago dela dioen ideia eraldatzen dute; kolektiboan, bizikidetzan eta hiria eraikiko duten garapen bizigarri eta bizietan pentsatu behar da. Gaur aurkeztu da ‘Bizimoduak. Elkarbizitza Europan’, Etxebizitza Sailaren eta Gipuzkoako Kultur Sailaren bultzadarekin sortutako Euskadiko Arkitektura Institutuaren erakusketa berria, beharrizan horri erantzun dioten eta bizitegi-irtenbide soil bat ematetik harago joan diren eraikitako adibideen bilduma.
Erakusketaren helburua etxebizitza publikoak auzo bati bertute berriak emateko duen gaitasuna erakustea da. Ingurunea dinamizatzeko, kaleari bizia emateko, barne-sareak eraikitzeko, hiri-egiturak berrerabiltzeko… Horretarako, Europan eraikitako zortzi proiektu hautatu dira, beren funtzio soziala lortzeaz gain, eraiki ziren inguruneari balio erantsia gehitzen jakin dutenak. Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak nabarmendu du etxebizitza publikoak «hiria eraikitzeko tresna indartsua» direla, eta gogorarazi du etxebizitza mota hori «Europako nortasunaren ezaugarrietako bat» dela.
Euskadiko Arkitektura Institutuak berak komisariatutako erakusketan, proiektu bakoitzak bere inguruneari gehitu dion balioa identifikatzen da ‘hashtag’-en bidez. Etiketa horietan, argazkien, planoen eta ikus-entzunezko elementuen bidez, zehatz-mehatz azaltzen da arkitekto-talde bakoitzak bere planteamenduan izan zuen helburua, bai eta eraiki ondoren izan zuen emaitza ere. Zazpi kokapenetako eraikinak erakusten dira: Groningen (Herbehereak), bi Vienan (Austria), Saintes (Frantzia), Selb (Alemania), Sevilla, Bilbo eta Basauri.
Proiektuen jatorria: EUROPAN
Aukeratutako adibideek badute zerbait komunean: guztiak izan ziren EUROPAN lehiaketaren edizio ezberdinetan aintzatetsitako proiektuak. Bi urtean behin egiten den Europa mailako deialdia da, eta arkitekto gazteak administrazio publikoekin harremanetan jartzea du helburu. Horietan, administrazio jakin batek orube bat jartzen du bertan eraikitzeko. Hala, hautagaiek ideia berritzaileak proposatzen dituzte leku jakin horretarako, edizio bakoitzean proposatutako gaiari erreparatuta. Deialdi bakoitzak ‘hirien nazioarteko foro’ bat dakar, edizio bakoitzean jasotako proposamenen argitan planteatutako gaien funtsa aztertzeko eta eztabaidatzeko balio duena. 16.arena, 2021ean, Donostian egin zen Mugak/ Bienalaren esparruan, eta Europa osoko arkitekturako eta hirigintzako 150 profesional bildu ziren bertan.
‘Hashtag’-ak
#pioneering (aitzindari). Euskadin eraikitako lehen EUROPAN proiektua aurkezten du, Basaurin kokatua eta lehiaketa europarraren bigarren deialdiari dagokiona (1991). Beatriz Matos Castañok eta Alberto Martínez Castillok garatu zuten.
#streetlife (kalean bizi). Hirien erdigunetik haratago bizitza komertziala duten kaleak eraikitzeko ahalmena islatzen du, espazio dinamikoak sortuz eta bertako biztanleek azalera handietara joateko beharrik izan ez dezaten. ‘Fortuitous Filtration’ proiektuak islatzen du, S333 Architecture and Urbanism-ena, Groningenen kokatua eta EUROPANen hirugarren deialdikoa (1994).
#reuse (berrerabili). Lehendik dauden hiri-egiturak mantendu eta egokitzearen eta espazioa birformulatzearen aldeko apustua. Horren adibide da BNR Architectes-en ‘Weak Density’ proiektua, Saintes-en garatua, EUROPAN 3rako (1994).
#landmark (hiri-mugarria). Eraikin baten ezaugarritasuna islatzen du. Ingurunearen ikur izatea lortu duten eraikinak dira, herritarrek kokatuta dgaoen lekuarekin lotzea lortzen dutenak. Horren adibide da ‘A wall of housing’, Sevillan, Nieto Sobejano Arquitectos-ek EUROPANen laugarren deialdiaren barruan (1996) aurkeztutakoa.
#topography (topografia). Arkitekturak lurraren berezitasunak balia ditzake, eta eguzkitasun, ikuspegi, aireztapen eta irisgarritasun hobeko etxebizitzak eskain ditzake. Bi proiektu aukeratu dira: Eduardo Belzunce Tormo, Juan García Millán eta Luis Díaz-Mauriñoren ‘ZigZags’, eta, Francisco Burgos Ruiz eta José Maria de Lapuerta Montoyaren ‘Towns Profile’, biak Bilbon (EUROPAN 4, 1996).
#interconnected (elkarbizitza). Normalean, etxebizitzak eta espazio publikoa bertikalean konektatzen dira solairuz solairuko eskailera edo igogailuekin. Baina etxebizitzak elkarri lotzeko modu konplexuak badaude, askoz ere komunitate kohesionatuagoa sortzeko. Hori erakusten du studio uek-en ‘Swobodas go neustadlau’ proiektuak, Vienan eraikiak, EUROPAN 9ren (2007) ondorioz.
#inputs (gehigarriak). Lehendik dauden auzoetan etxebizitza berriak eraikitzean, batzuetan beharrezkoa da erabilerak eta hornidurak batzea, leku hori biztanle berrientzat erakargarriagoa izan dadin. Gutierrez-delaFuente Arquitectos eta TallerDe2ren ‘Catalogue for dwelling on the time’ proiektuan islatzen da, Selb-en eraikia (EUROPAN 9, 2007).
#collaboration (lankidetza). Erabilera bakarra etxebizitza den auzo berrietan, biztanle berri bakoitzak bere etxean behar dituen beharrak kontuan hartzeak bloke dinamiko eta heterogeneoak sor ditzake. Horixe izan zen Arenas Basabe Palacio Arquitectos-ek bilatu zuena EUROPAN-en hamargarren ediziora (2009) aurkeztu zuten ‘Garden>Courtyard’ proiektuarekin, zeina Vienan kokatzen den.
Horrez gain, esentzia hori islatzen duten munduko hainbat puntutako adibide gehigarriak ere badaude: Ningbon (Txina), Mexiko Hirian, Berlinen (Alemania), Marseillan (Frantzia), Ceutan eta Madrilen kokatzen dira. Zortzi balio erantsi horiek lortzeko bakoitzaren exekuzioaren xehetasunak, EUROPANen edizio bakoitzean planteatutako gaiez gain, ‘Bizimoduak. Elkarbizitza Europan’ erakusketan daude, Euskadiko Arkitektura Institutuan zabalik datorren martxoaren 5era arte.
Programa osagarria
Erakusketarekin batera, jolas- eta hezkuntza-eremura bideratutako programa osagarri bat dago. Lehenik eta behin, familientzako lau tailer antolatuko dira Maushausen eskutik, eta bi aldiz egingo da bakoitza. ‘Hashtag’-etan oinarrituta, bi tailer bakoitzeko, parte-hartzaileek etxebizitza publikoak ekar ditzakeen balio gehigarriei buruz hausnartuko dute, eta hiri-proposamen berriak egingo dituzte. Gainera, eraikineko klaustroa lan-eremua izango da, eta bertan, pixkanaka, tailer bakoitzarekin, maketa handi bat eraikiko da, modu parte-hartzailean. Emaitza erakusketak irauten duen hilabeteetan zehar aldatzen joango den espazioa izango da. Izen-emateak doakoak izango dira eta laster www.eai.eus webgunean egongo dira eskuragarri.
Horrez gain, goizez, lehen hezkuntzako 3. mailatik bigarren hezkuntzara bitarteko ikasleentzako bisita gidatuak eskainiko dira, erakusketa gertutik ezagutzeko eta talde-dinamika txiki bat egiteko. Interesa duten ikastetxeak harremanetan jar daitezke contact@eai.eus helbidera idatziz.
Azkenik, Arkitektura Institutuak zenbait hitzaldi eskainiko ditu, erakusketarekin lotura izango dutenak. Informazio guztia laster www.eai.eus webgunean egongo da eskuragarri.