Eraikuntza-proiektua Hezkuntza Sailak finantzatuko du, eta Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean garatuko da. Aurrez Udalak lagatako lursailean egingo dira lanak, egun aparkalekua dagoen tokian, DIPCren eraikin multzoa dagoen esparruan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestetik, azpiegitura zientifikoen plan bat bultzatuko du, eraikin berria ekipamenduz hornitzeko. Eraikin berriak ez ditu ordezkatuko BERC bikaintasuneko ikerketa-zentroak gaur egun dituenak; dagoeneko erabiltzen dituen eraikinei beste bat gehituko zaie DIPC dagoen gune berean, honen jarduera zabaldu eta osatzeko.
DIPCren Zuzendaritzak jarri du abian, dagoeneko, eraikin berriaren eraikuntza-proiektua idazteko lana eta zuzendaritza fakultatiboa kontratatzeko lizitazioa.
Ikerketaren aldeko apustua
Eneko Goia Donostiako alkateak gogorarazi du DIPC Donostiako Udalak lagatako eraikinetan eta lurretan ari dela lanean, eta horietan gauzatuko dela oraingo handitzea ere; alkateak baieztatu duenez Udalak “ekin dio lanari” DIPC handitzeko proiektuaren tramitazio urbanistikoa bizkortzeko, eta “beharrezko diren pauso guztiak emango ditugu instalazio berriak errealitate bihur daitezen albait lasterren”.
Goiak azaldu du Donostia “zientzia eta ezagutzaren hiria” dela, hirian arlo horretan ari den profesional kopuru altua eta garatzen ari diren ekimenen zenbatekoa aintzat hartuta. Gogora ekarri du lau unibertsitate campus daudela hirian, zientzia eta teknologiaren euskal sareko erreferentziazko zenbait zentro ere bai, eta bost mila pertsona inguru ari direla Donostian I+G arloko jardueretan lanean. “DIPC puntarengo zentroa da, gure bikaintasun-ikurra nazioarteko ikerketa zientifikoari dagokionez. Horregatik, erakundeen bultzada eman nahi diogu bere jarduerari, eta erabat babesten dugu handitzeko proiektua. Horrek guztiak indartzea eta etorkizuneko apustua egitea esan nahi du”, adierazi du. “Donostia erreferentziazko hiria da nazioartean ikerketaren esparruan, eta hori DIPCren pareko ikerketa zentroei zor diegu, zientzia eta teknologiako hirien sarearen munduko mapan jartzen baikaituzte”, gaineratu du.