Eretza bihurtu da etxebizitza eta eraikinetako birgaitze energetikorako Next Generation Funtsen laguntzetarako leihatila bakar Barakaldon

0
PRUEBA

Etxebizitza eta eraikinen birgaitze energetikorako Next Generation Funtsetatik datozen laguntzak kudeatzen hasia da Eretza hirigintza kudeaketarako sozietatea, gaur erakundeko lehendakari eta Etxebizitza arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok adierazi duenez.  Horrela, Eretza bihurtu da funts europarrak izapidetzeko leihatila bakar Barakaldon.

Iñaki Arriola sailburuak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko 16 bulegoz osatutako birgaitze sareari atxiki zaio sozietatea. Hiru dirulaguntza lerro desberdin daude: etxebizitzen eraikinetako efizientzia energetikoa hobetzea, etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzea eta birgaitzeko dokumentazioa prestatzea edo egokitzea edo proiektu teknikoak idaztea. Kasu guztietan, 2020ko otsailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era bitartean egon behar dute hasita lanak.

«Ahalegin handia egiten ari gara bizitegi-eraikinen eta barakaldarren etxeen birgaitze energetikoaren eskea bultzatzeko, helburu europarrak bete ditzagun eta sektoreko jarduera susta dadin», esan du Pizarrok.   Laguntza horiek bateragarriak dira Udaleko Etxebizitza arloa eta Eusko Jaurlaritza bera ematen ari direnekin, lanen kostua gainditzen ez badute.  Bateragarriak dira era berean, foru aldundiek ezarritako zerga-onurekin.

Azken egunotan, Eretzara bideratzen ari da Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila Barakaldoko erkidego eta jabeek egin dituzte lehenengo laguntza eskaerak. «Dagoeneko 8 espediente jaso ditugu, eta askoz ere gehiago heltzea espero dugu, funtsok abian direla jakin ahala. Oso garrantzitsua da laguntzak eskuratu nahi dituzten erkidegoetako jabeek eta norbanakoek jakin dezaten lanen aurrekontuaren % 30era arteko aurrerapena eska dezaketela, likidezia izan dezaten eta sortuz doazen gastuak ordain ditzaten», azpimarratu du Juan Antonio Pizarrok.

Next Generatiion Funtsen eta beste udal laguntza-eskaeren hazkuntzaren karietara (gazte-alokairuak, birgaitzea, igogailuak, e.a.) nabarmen hazi da Eretzaren lan-zama; hori dela eta, lege-aholkularitza zerbitzu bat kontratatu da, Administrazio Kontseiluko lehendakariak adierazi duenez.

LAGUNTZEN BALDINTZAK ETA ZENBATEKOAK

Eraikinei dagokienez, laguntza eskuratu nahi izatera, egin beharreko obren bitartez, gutxienez, lehen energia berriztaezinaren (gasa, ikatza) kontsumo-adierazlearen % 30 murriztu beharko da, esate batera, fatxada eta teilatuen isolamendu termikoa eginez. Eraikina nahiz familia bakarreko etxebizitzaren berokuntza eta hozte-sistemaren eskaria ere % 25 eta 35 bitartean murriztu behar da.   Azkenik, azaleraren erdia bizitegi-erabilerarako izan behar da.

18.800 eurora artekoak izan daitezke energia-birgaitzeko lanetarako laguntzak, jarduketaren kostuaren % 40 eta 80 bitartean; gizarte-zaurkortasun egoeratan, berriz,  23.500 eurora artekoa.

Etxebizitzei dagokionez, obrek berokuntza eta hozteko eskakizuna gutxienez % 7 murritz dadila eskatzen dute beharkizunek, edo, gutxienez % 30, lehen energia berriztaezinaren kontsumoa. Etxebizitzak eskatzailearen ohiko bizileku iraunkorra izan behar du, eta inbertsioak, berriz, 1.000 eurotik gorakoa. Diruz lagunduko dira, halaber, inguratzaile termikoaren eraikuntza-elementuak aldatzeko jarduketak. Guztizkoaren % 40ko izango da laguntza, eta muga, berriz, 3.000 eurokoa.

Azken laguntza-lerroari dagokionez, birgaikuntzarako Eraikinaren Liburua (higiezinaren egoera ezagutzeko behar diren dokumentuak) sortzeko izango da, bai eta energia-eraldaketa esanguratsu eta kalitate handikoak egiteko birgaitze osorako proiektu teknikoak garatzeko ere. Liburuan txertatuko da, besteak beste, eraikina hobetzeko jarduketa plana, lehen energia berriztaezinaren kontsumoa % 30etik gora aurrezteko neurriekin  Kasu honetan, dirulaguntzak 700 euro (gehi 60 euro etxebizitza bakoitzeko) eta 12.000 euro (gehi 300 euro etxebizitza bakoitzeko) artekoak izango dira.

Eretzarekin  jar daitezke harremanetan, telefonoz (944 04 52 25), posta elektronikoz (eretza@eretza.com) edo aurrez aurre (Gaztainadi, 8) laguntzak jaso nahi dituzten herritarrak eta erkidegoak. Hitzordu bat ere hitzartu daiteke Eusko Jaurlaritzaren Tramitagune plataformaren bidez.