Animaliategiaren Zerbitzu Orokorrak (Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketako Zerbitzu Nagusien –SGIKER– barruan) Bizkaiko Campusean dituen instalazioak handitu eta guztiz birgaitu ditu: Rita Levi-Montalcini Animaliategia. Eva Ferreira errektorea Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin eta Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearekin batera izan da instalazioetan. Egin diren lanei esker, azpiegitura erabilgarria eta horrek eskaintzen dituen zerbitzuak hobetuko dira.
UPV/EHUko Animaliategiak hiru campusetan ditu instalazioak, eta ikerketa komunitateari ikerketarako eta irakaskuntzarako behar diren esperimentazio animaliak eskaintzea du helburu. Esperimentatzeko erabiliko diren animaliei eta horiek behar duten inguruneari buruzko aholkularitza teknikoa ematen du. Helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animaliak babesteari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzeaz arduratzen da.
2003an eratu zen, eta Bizkaian, Leioa-Erandio eremuan, zerbitzuaren unitate nagusia dago –unitate hori da orain handitu dena–. Proiektu honen kostu osoa 5.850.000 € izan da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eraikinaren obrari egin dion ekarpena 2.100.000 €-koa da, eta Feder Funtsak, Espainiako Gobernuaren bidez, 1.800.000 €-koa. Ekipamendua hornitzeko eta instalazioak prest jartzeko, Hezkuntza Sailak 1.450.000 euro jarri ditu, eta Feder Funtsak, Espainiako Gobernuaren bidez, 500.000 euro gehiago.
Rita Levi-Montalcini Animaliategiaren instalazio berriak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen ondoko eraikin berri batean daude, eta 885 m2 dituzte, bi solairutan.
0. solairuan animaliategia bera dago, eta hiru eremu nagusi ditu: 1) Hazkuntza eremua: areto horietan dauden animaliak eta bertan ugaltzen dira. Unitate honetako langileak bakarrik sar daitezke eremu horretara, eta higiene neurri zorrotzak bete behar dituzte; 2) Esperimentazio eremua: hor egiten dituzte ikertaldeek esperimentuak animaliekin; eta 3) Zerbitzu komunak: esperimentazioan inplikatuta ez dauden baina beharrezkoak diren espazioak: aldagelak, kontrol gela, biltegiak, garbiketa guneak, pentsu banagailuak, desinfekzioa, etab.
1. solairua solairu tekniko edo industrial bat da, eta bertan daude klimatizazioa eta argiztapena kontrolatzeko sistemak (oso zorrotzak dira animalientzat), edateko ura iragazteko zirkuitua, ahots eta datu kableak, alarma sistemak, etab.
Animaliak ukuiluratzeko eta horiekin esperimentatzeko, segurtasun eta higieneko eta esperimentazioko etikako neurri zorrotzak betetzen dira UPV/EHUn. UPV/EHUk “esperimentazioan eta beste helburu zientifiko batzuetan (irakaskuntza barne) erabiltzen diren animaliak babesteko aplikatu beharreko arauak” ezartzen dituen araudi komunitarioa betetzen du. Horretan oinarriturik, hiru puntuen printzipioa aplikatzen da: Ordezpena (animaliak erabiltzeaz bestelako metodoak bilatzea); murrizketa (esperimentu bakoitzean, ahalik eta animalia gutxien erabiltzea); eta finketa (animaliei sor dakiekeen edozein min, sufrimendu, larritasun edo kalte iraunkor kentzea edo ahalik eta gehien murriztea). UPV/EHUn, proiektuetan animaliak erabili nahi badira, ezinbestekoak dira unibertsitateko Animaliekin egiten den Esperimentaziorako Etika Batzordearen aldeko txostena eta administrazio eskudunaren baimena (Euskal Autonomia Erkidegoan, dagokion foru aldundia).