Indrigraph, tinta txinatarrerako lehen luma eskaintzen duen mikroETEa

0

Indigraph Donostiako enpresa txiki bat da, eta eskaintzen duen produktua bakarra da munduan: lehortzen ez den tinta txinatardun luma. Konpainia honek 1.000tik gora luma saldu ditu merkatura atera eta lehen urtean. Indigraph enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Basque Digital Innovation Hub-ek martxan jarritako BDIH Konexio programaren bidez, zeinak euskal ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, probak egiteko eta produktuak baliozkotzeko.

Enpresa hau duela 4 urte sortu zen, diseinu industrialean diharduen Dinamo konpainiatik sortutako proiektu gisa. “Geurea izango zen zerbait egin nahi genuen, eta merkatuko arazo bat konpondu” aipatu dute Iñigo Echeverria kudeatzaileak eta Izar Carazo arduradun teknikoak.

Tinta txinatarrarekin marraztearen arazoak daude ideia honen oinarrian, “tinta lehortu egiten baita, eta horrek luma hondatzen du”. Hainbat proba egin ondoren, sistema bat asmatu zuten lumaren taparako, oinarritzat mintz bat eta ur depositu txiki bat dituena. “Hala, lumatxoa heze egoten da beti. Merkatuan ez dago halakorik”. Hainbat patente dauzkate erregistratuta Europar Batasunean eta Estatu Batuetan.

Sistemaren funtzionamendua ziurtatzeko hainbat prototipo egin ondoren, enpresa Kick Starter crowdfunding plataforman sartu zen, eta “uste baino gehiago saldu genuen. Ikusi genuen ilustratzaile eta marrazkilarien artean dezenteko eskaera zegoela”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza batekin finantzaketa lortu zuten, eta fabrikazioari ekin zioten. Funtsean onlineko salmenta egiten dute, baina banatzaileak ere badauzkate Frantzia, Italia, Australia zein Estatu Batuetan.

Produktua luma berritzaile bat da, tinta txinatarrarekin erabili daitekeena, eta aukera ematen du “akuarela modura erabiltzeko”. Bezero gehienak ilustratzaileak eta urban sketcher-ak (kalean marrazten dutenak) dira, eta baita ere kaligrafia egiten duten pertsonak. “Urtean 1.000tik gora luma saltzen ditugu, eta lanean ari gara atzerriko produkzioa indartzeko”.

Enpresak hornitzaile europarrekin lan egiten du. Lumatxoak eta kristalak Alemanian erosten dituzte, eta junturak, berriz, Suitzan. “Muntaketa eta prototipoak geuk egiten ditugu. Produktuaren diseinua eta garapena geureak dira oso-osorik”.

Aztarna ekologikoa

Diseinua egitean kontuan hartu dute produktuaren aztarna ekologikoa. “Produktuaren iraunkortasuna funtsezkoa izan da.  Ez da erabili eta botatzeko elementu bat. Mekano baten modukoa da, eta ordezko pieza guztiak salgai dauzkagu. Konpondu egin daiteke. Kalitate handiko produktu bat da, aluminio mekanizatuz egina”.

Indigraph-ek hiru pertsonako plantilla du, eta fakturazioa 100.000 eurotik gorakoa da, nahiz eta urtebete eskas daramaten salmentaren negozioarekin. I+G funtsezkoa da euren enpresa proiektuan.

SPRI Taldearen BDIH programako laguntza erabili dute tinta eroaleei buruzko proiektu baterako, Tecnaliarekin batera garatu dutena. “Gure lumak tinta txinatarra erabiltzen duenez -tinta arruntak baino likatsuagoa da-, asmoa zen tinta eroale bat garatzea zirkuituak marrazteko eta prototipoak egiteko”.

Proiektuko ideietako bat da tinta eroalea material didaktikoetan eta jolasetan erabiltzea.  “Bateria batekin eta LED batekin posible litzateke zirkuituak paperean marraztea, haurrek ikus dezaten argiak nola pizten diren zirkuitua osatutakoan”.

Indigraph enpresaren erronkak bi oinarri ditu: besteak beste Korean eta Japonian haztea, “marrazkiaren kultura oso hedatuta baitago herrialde horietan” eta lumaren bertsio berriak garatzea, diseinua hobetuz eta marrazketarako lumatxo espezifikoak eskainiz.