Osasuneko Sailburuak Santa Marina Ospitalea bisitatuko du, 2021-2022an azken inbertsioak eta hobekuntza-jarduerask egin ondoren

0

Osasuneko Sailburu Gotzone Sagardui Osakidetzaren Bilboko Santa Marina Ospitalean izan da gaur goizean, 2021ean eta 2022an egindako 2,3 milioi euroko inbertsioen emaitza bertatik bertara ezagutzeko. Ospitaleko 7 espazio modernizatu dira; besteak beste, 5. solairuko ospitalizazio-unitatea handitu eta hobetu da, diagnostiko erradiologikoko unitatea modernizatu da, pazienteak beste zentro batzuetara eramatea saihestuz, farmazia informatizatu eta automatizatu da eta aparkalekua handitu da.

Sailburuaren arabera, inbertsio handia da, eta Santa Marinako talde profesionalek pazienteei, senideei eta zaintzaileei Ospitaletik igarotzen diren bitartean eskaintzen dizkieten arreta eta zaintza hobetzen lagunduko du. Santa Marina ospitalea paziente kronikoak, patologia anitzekoak eta zainketa aringarriak behar dituztenak artatzera bideratuta dago. Horregatik, bere Humanizazio Plan Integralari eta Osakidetzak espazioak eta instalazioak modernizatzeko eta egokitzeko duen konpromiso orokorrari jarraituz, pazienteen eta arreta eta zaintza hori eskaintzen duten profesional guztien ongizatea lortu nahi da.

Lan-bileran, Sailburuarekin batera izan dira Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Pérez eta Ospitaleko zuzendari kudeatzaile Itziar Larrea. Sailburuak azaldu duenez, Santa Marina garai berrietara eta testuinguru sozial, epidemiologiko eta farmakologiko berrira egokitzen joan da, une bakoitzean pertsonen beharrei erantzuten jakinda. Gaur egun, Osakidetzaren ospitale honek arreta integrala, hurbila eta ongizatezkoa eskaintzen du, Bizkaiko gainerako erakunde sanitario eta soziosanitarioekin koordinatuta. Eginkizun horretan kokatzen dira egindako inbertsioak:

AZKEN INBERTSIOAK (2,3 milioi euro)

Ospitalizazio-unitatea handitzea (5. solairua) (500.000 euro)

Ospitalizazio-unitatea handitu egin da zortzi ohe berrirekin (3 logela bikoitz eta banakako 2). Halaber, geletako ekipamendua berritu da, hala nola oheak, burualdeak, besaulkiak edo garabiak. Bestalde, erizaintzako kontrola berrantolatu eta handitu da, eta led argiak instalatuz eraginkortasun energetiko handiagoaren aldeko apustua egin da.

Diagnostiko erradiologikoko unitatea (684.700 euro)

Bi izpi-gela birkokatu dira eta Ordenagailu bidezko Tomografia Axialeko makina berri bat ezarri da. Jarduketa horiei esker, miaketak ospitalean bertan egin ahal izango dira, ospitaleen arteko lekualdaketak saihestuz, eta horrek pazientearen arretaren kalitatea hobetzea ekarri du.

Gune komunak eta atsedenguneak (19.600 euro)

Pazienteek, hauen senideek eta zaintzaileek erabiltzen dituzten espazioetan hobekuntzak egin dira, leku erosoagoak eta atseginagoak izan daitezen.

Bronkoskopia-unitatea (28.000 euro)

Bronkoskopia-unitateko altzariak eta ekipamendua pneumologiaren eremuan birkokatu dira eta berritu egin dira.

Kanpo-kontsultak (146.000 euro)

Lehen eta bigarren solairuetan bateratu eta zentralizatu dira, eta horri esker, Pneumologiako, Barne Medikuntzako, Kardiologiako eta Errehabilitazioko kanpo-kontsultak modu koherenteagoan kokatu ahal izan dira. Era berean, miaketa osagarrien (esfortzu-probak, Holtter eta ekokardiogramak…) eremua ere espazio horietan kokatu da.

Farmazia (360.000 euro)

Farmaziaren erreforma integrala egin da, espazioa zonaka sektorizatuz (biltegia, banaketa, sendagai esterilen prestaketa eta bulegoak), eta horrek pazienteen segurtasuna hobetu du. Era berean, botikak banatzeko sistemak informatizatu eta automatizatu dira.

Aparkalekua (600.000 euro)

Santa Marina Ospitalea Bilboko kanpoaldean dago, Santo Domingo inguruan. Ospitalera iristeko garraio publikoa (autobusa) dagoen arren, pazienteen senideak eta profesionalak ibilgailu partikularrean joaten dira. Errealitate horrek ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazio-espazioak berrantolatzea eta sarbideak hobetzea eskatzen zuen. Era berean, 207 plaza prestatu dira autoentzat eta 10 motorrentzat; halaber, aparkalekuak handitu egin dira desgaitasuna duten pertsonentzat. Gainera, Osakidetzak jasangarritasun energetikoarekin duen konpromisoari jarraituz, aurreinstalazio bat egin da ibilgailuak elektrikoki kargatzeko.

Santa Marina ospitalea

Santa Marina Ospitalea duela 78 urte hasi zen zerbitzua ematen tuberkulosiarekin gaixotzen ziren pertsonak artatuz. Sendatzeko ahaleginean, hilkortasuna murriztea lortu zuten toraxeko kirurgia garrantzitsuak eta aitzindariak egiten hasi zen, eta, azkenik, farmako berriak (estreptomizina, hidrazina, errifanpizina…) erabiliz eta emanez, gaixotasuna ia erabat desagerrarazi zen. Orduz geroztik, toraxeko gaixotasunen ospitale bihurtu zen.

Gaur egun, 30eko hamarkadako patologia nagusiaren (soziopatia tuberkulosoa) lekua XXI. mendeko patologia nagusi berriak (hauskortasuna eta kronikotasuna) hartu du; Santa Marinak badaki mende bakoitzak dituen lehentasunetara egokitzen, eta erronka berri bati egiten dio aurre: gaixotasun kronikoak ugaritzearekin batera doan biztanleriaren zahartzearen erronkari.  242 ohe ditu eta urtean ia 5.000 ospitaleratze, 6.000 larrialdi baino gehiago eta 5.000 kontsulta ingururi erantzuten dien asistentzia-jarduera burutzen du. Bost ospitalizazio-unitate, larrialdi geriatrikoen zerbitzu bat (bakarra Euskadin), errehabilitazio-unitate bat eta beste zerbitzu osagarri batzuk ditu. Osasuneko Sailburuak zehaztu duenez, Osakidetzak inbertsioak egiten jarraituko du, esparru soziosanitarioarekin lotura duen eta adinekoak zaintzeko funtsezkoa den ospitalea baita.