Udalak oroimenezko ekitaldia antolatu du datorren asteazkenean, hilak 19, hirian euskara bultzatuz burutu duen 4 hamarkadako bizitza ospatzeko. Gaur egun Euskaltegiak 1.000 ikasle ditu, besteak beste gurasoen eta adineko pertsonen artean euskara ikastea sustatzeko taldeekin.
Barakaldoko Udal Euskaltegiak 40 urte bete ditu. 1982an sortu zen eta euskarazko eskolak ematen hasi zenean 4 irakasle baino ez zituen Elkano kalean dagoen gaurko eraikinaren bigarren solairuan. Gaur egun Euskaltegiak mila pertsona inguru ditu matrikulatuta, eta gurasoentzako, adinekoentzako, merkatarientzako eta ostalarientzako… ikastaro bereziak eskaintzen ditu.
Barakaldoko Euskaltegia udal euskaltegirik handiena da eta 1.400 ikasle izatera iritsi da. «Guretzat Udal Euskaltegia harro egoteko arrazoia da, are gehiago gure Euskaltegiak duen osasun onagatik, ikasgelak oso bizirik mantentzen baititu», adierazi du Iratxe Focesek, Euskara zinegotziak. 2001-2002 ikasturtean lehen aldiz eskaini zen autoikaskuntzako zerbitzu bat, 32 pertsonak izena emanda. Eta 2000ko hamarkadaren lehen urteetan 400 ikasle baino ez zeuden arren, duela zortzi urte Euskaltegian planteamendu berria egiteko beharra ikusi zen, zerbitzua eta eskaintza dibertsifikatuz. Hor hasi zen Euskaltegiaren etapa berria. Urte hauetan guztietan Udalak euskara bultzatzeko egin duen apustua oso argia izan da», adierazi du Focesek.
Hala, hezkuntza-eskaintzan gurasoentzako ikastaroak sartu ziren, seme-alabei eskolako lanak egiten laguntzeko; institutuetako ikasleentzako eskolak; merkatarientzako eta ostalarientzako eskolak… Hasi berri den ikasturte honetan 950 ikasle matrikulatu dira. Horrela, hasierako 4 irakasleetatik orain plantillan 37 irakasle daude. «Barakaldoko Euskaltegia inoiz baino handiagoa da eta orain inoiz baino eskaintza zabalagoa du», zehaztu du zinegotziak.
URTEURRENA CLARA CAMPOAMPORREN
40 urteko bizitzak ospakizuna merezi du. Horrela, Udalak oroimenezko ekitaldia antolatu du Clara Campoamorren datorren asteazkenean, urriak 19. Bertan musikaz, euskaraz eta ikastetxearen beraren oroitzapen ugariz gozatzeko aukera izango da. Ekitaldiaren ondoren, ohiko luncharen ordez, Hala Dzipok triki-poteoa alaituko du Clara Campoamorretik Euskaltegira.