Beatriz Artolazabalek «zaintzen ekosistema eraldatu eta berrikuntza, jasangarritasuna eta etorkizuna ziurtatuko dituen trantsizio-politika bat» sustatzeko lankidetzaren aldeko apustua egiten du

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Vitoria-Gasteizen, honako hau nabarmendu du: “zaintzen ekosistema eraldatzeko trantsizio-politika bat sustatu behar da eta, horretarako, gizarte-aldaketa sakonetara egokitu, hala nola zahartze, berdintasun-arloko aurrerapen eta zaintzen duenaren profil eta aukeren aldaketetara». Eta, nabarmendu duenez, «premiazkoa da adostasun politikoak eta herrialdekoak antolatzea, berrikuntza, jasangarritasuna eta etorkizuna ziurtatzeko».

Hitz horiek Ongizatearen etorkizunak jardunaldiaren esparruan esan ditu; hura saio berria da, EAEk etorkizuneko ekintzak orientatu ahal izateko eskatzen duena entzuteko EAJk sustatu duen entzute aktiboaren inguruko Entzunez Eraiki prozesuan.

Artolazabalek, Ongizatearen eraikuntza, erronka partekatua izeneko hitzaldian, haren Sailak presente dituen «oinarri teorikoak, printzipioak eta ekintza praktikoak» zerrendatu ditu, “agenda politiko eta sozial berriaren ia gako guztien gaineko erantzukizunak” dakartzatenak. Hori horrela, adibide modura adierazi du berdintasuna, justizia, giza eskubideak, gizarte-politikak eta aniztasuna batzen dituen sail bati espetxe-politikaren kudeaketa atxikitzea “printzipioen deklarazio bat” dela, erabat. Eta hala da, era berean, arreta- eta ekintza-gunea honako hauek izatea: “kalteberatasun-egoeran dauden adingabeak; indarkeria matxistaren biktimak; bakardade-egoeran dauden adinekoak; bazterkeria-egoeran dauden pertsonak; guraso bakarreko familiak; laguntzarako familia-sarerik gabeko gazte migratzaileak; terrorismoaren biktimak; askatasunaz gabetutako pertsonak, eta urruneko gerretatik ihesean dabiltzan familiak».

Ekintza horiek gauzatzeko, sailburuak azaldu duenez, oinarria “ongizate sozialaren eta pertsonalaren sustapena da; horretarako, publikoa eta komuna kudeatzen da, pertsona eta familien bizi-proiektuei aukera emateko. Era berean, herritarrek eskubideak baliatzea ere bada oinarria”. Horretarako, “berdintasuna sustatzen da, askatasunerako eta bizitza beterako baldintza gisa”.

Artolazabalek esandakoaren arabera, “babeseko sistema publikoak ez dira xede, baizik eta ondasun erkide batera bideratutako baliabideak, gizarte-ongizatera bideratutakoak, eta haren eraikuntza etengabea da, gizarte osoaren esku dago eta pertsonak ditu oinarri”. Horretarako, azaldu duenez, honako hauen arteko lankidetza behar da: sektore publiko “sendoa, aurreratua, berritzailea, ikasten duena eta elkarrizketa eta gobernamendu partekatua sustatzen dituena”; “balio soziala sortzen duen eta eredu inklusiboa eta parte-hartzailea” duen sektore pribatua; hirugarren sektore “kritikoa, autonomoa eta gainerako sektoreekin lankidetzan diharduena”; gizarte “aberatsa, anitza, plurala eta konprometitua”; familia “anitzak, gizarte-eginkizunak aitortuak eta babestuak dituztenak”, eta sare komunitario “sendotuak, loturak sortzen dituztenak, kide direlako ustea eta gizarte-laguntza dutenak”.

Sailburuak zaintzen gizarte-antolamenduko eredu berria sustatzearen aldeko apustua egiten du, eta hark dakartza “erakunde-zaintzaren pisu handiagoa eta familia-zaintza, laguntzak behar dituen aukera gisa ulertuta”. Gizarte-zaintzen eredu horrek, esan duenez, “etxean eta laguntzadun ostatuan arretarako aukera bideragarriak” sustatu behar ditu, edo “etxetzat jotzen diren egoitza-zentroetarantz” egin behar du.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradun nagusiak, testuinguru horretan, “zaintzen aldeko etorkizuneko gizarte-itun” bat aipatu du, “beste sail, erakunde eta eragile batzuk” inplikaraziko dituena eta jarduketa “estrategiko eta berritzaileak» izango dituena. Artolazabalek esan duenez, helburua ez da soilik koordinazio ona lortzea, baita lankidetzan jardutea ere, “elkarrekin lan egitea, trantsizio-politikak eta erantzun bateratuak eta integralak eskainiko dituen gizarte-babeseko ekosistema eraikitzeko. Elkarlaneko gobernamendua sendotzea”.

Amaitzeko, esan duenez, lankidetza “ez da aukera bat. Beharrezkoa da, larrialdi- eta trantsizio-egoeretan”.

Topaketan, gizarte-politiken eremuarekin zerikusia duten hogeita hamar bat agentek eta profesionalek parte hartu dute. Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioko presidentearen ondoren, Andoni Ortuzar EAJ-ko EBB-ko presidenteak (telematikoki, Erromatik), Xabier Barandiaran EBB-ko Berrikuntza Politikoko burukideak eta Nerea Melgosa Gizarte Politiketako burukideak egin dituzte sarrerako hitzaldiak.

Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak Berrikuntza gizarte-politiken eremuan hitzaldia eman du. Bestalde, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatuak, Gizarte-politiken erakunde-ereduaren jasangarritasuna. Emilio Sola Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak, Zaintzen sistemaren etorkizuna. Eta Ana Sofi Telletxea Deustuko Unibertsitateko irakasleak Inklusio-politika aktiboen etorkizuna hitzaldia eman du.

Rafael López-Arostegi Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako aholkulariak eta hirugarren sektoreko adituak, saioa ixteko, aztertutako ideia nagusien eta goizean zehar ateratako ondorioen laburpen bat egin du. “Ondorio gisa: etorkizuneko erronkak gizarte-politiketako eremuan” izeneko hitzaldi batean, honako hau esan du: “EAEko gizartea trantsizio bat egiten ari da ongizateko eredu familista batetik lidergoko eta erantzukizun publikoko eta sektoreen arteko lankidetzako beste eredu batera. Eredu horretan, eskubide subjektiboak zabaltzen dira, gastu soziala areagotzen da eta babes-sistema eta haren azpisistemak hedatzen dira eta, horretarako, krisiaren aurrean premiazko neurriak sartu eta, ondoren, eraginkorrak direla ikusten diren programa batzuk egonkortzen dira”. “Berezko ongizate-eredua”, esan du, “hezkuntza, osasuna eta autonomia babesteko, hezkuntzako, osasuneko eta gizarte-zaintzetako prestazioen bidez, gizartean autonomiaz integratzeko laguntza erlazional gisa ulertuta».

Amaitzeko esan duenez, lau sektoreak “ezinbestekoak dira gizarte-kohesioa eta erantzukizun publikoko sistemetan agortzen ez den babes sakoneko sare bat ziurtatzeko”.