Javier Hurtado sailburuak: «Gastronomia dagoeneko hazkunde jasangarriaren zutabeetako bat da, kalitatezko turismoa, bizi-kalitatea eta kohesio soziala sendotzen laguntzen duena»

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok hasiera eman dio gaur Donostian “Jan, edan, bidaiatu” turismo eta gastronomiako lehen jardunaldiari. Gero eta zeharkakoagoak diren eta elkarrekin bat egiten duten bi kontzeptu batzen dituen foroa, turismoa eta gastronomia, alegia. “Eta Euskadiren kasuan, harreman hori are estuagoa da. Gastronomia da turistek gu bisitatzeko duten lehen motibazioa, eta bereziki nabarmentzen da udako denboralditik kanpo, gure Adimen Turistikoaren Sistemak adierazten digunez; beraz, jasangarritasun turistikorako elementu garrantzitsua da desestazionalizazioari dagokionez”, azaldu du sailburuak.

Sailburuak gastronomiaren bilakaera eta nazioartean duen aintzatespena aztertu ditu, hainbat elementutan oinarrituta. Lehenik eta behin, gure sukaldariei esker Euskadik lortu duen ekosistema profesionalagatik, sukaldaritza tradizionaletik, bere esentzia galdu gabe, sukaldaritza berri baterantz eboluzionatzen jakin baitzuten, Frantziako sukaldaritzaren eta beste kultura batzuekiko fusioaren eraginak jasota.

Bigarrenik, “Ostalaritzako gure eskoletako eta unibertsitateetako prestakuntzak kalitatezko zerbitzu baten bermatzaile bihurtzen ditu gure profesionalak, baita berrikuntzaren eta gastronomiara hurbiltzeko modu berrien bilatzaile ere”.

Eta, hirugarrenik, Euskadiko gastronomia “funtsezko rol sozial batean oinarritzen da gure arteko harremanen ikuskeran. Gastronomia da gure ezaugarri nagusietako bat. Eta, zalantzarik gabe, uztartze horren bila dator bisitaria Euskadira. Ez bakarrik ahosabaiarentzako esperientzia bat, baita haren inguruko mundu kultural eta soziala ere, lurralde baten esentzia, alegia. Eta hori ezin da esportatu, ezta deslokalizatu ere, gastronomia eta turismoa elkarrengandik banandu ezin daitezkeelako”.

Horregatik, sailburuak gogorarazi duenez, “gure gastronomia mundura irekitako Euskadi pluralaren isla da. Gastronomiak, turismoa sustatu eta dibertsifikatzeaz gain, turismoa desestazionalizatzen laguntzeaz gain, eragin nabarmena du tokiko garapen ekonomikoan eta helmugen sustapenean, kulturaren ikuspegitik. Hazkunde jasangarriaren zutabeetako bat da dagoeneko, eta kalitatezko turismoa, bizi-kalitatea, gizarte-kohesioa eta lurralde-antolamendua sendotzen laguntzen du”