Tabakaleran aurkeztu dute «Hamairu» EREMUAk programaren hirugarren erakusketa kolektiboa

0

Inauguratuko da Tabakaleran «HAMAHIRU», eremuak erakusketa kolektiboaren hirugarren edizioa. Lau urtean behin egiten den erakusketa 2022ko abenduaren 14ra arte egongo da zabalik Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, hau da, eremuak programaren harrera-entitatearen egoitzan.  Begirada kolektiboaren bidez hurbileko eremu artistikoaren sormena bultzatzea du helburu «HAMAHIRU» ekimenak, inguruko artea zer unetan dagoen zehatz-mehatz erakutsi nahian. Programaren lehentasunezko ekintza-lerroetako bat da. Orain arte, lan-ildo horretan bi erakusketa egin dira: First Thought Best, 2014an Artiumen egin zena, eta Bi Dos Two, 2018an Azkuna Zentroak hartu zuena. Beraz, orain Donostiako Tabakaleran inauguratzen dena sail horretako hirugarrena da.

HARRIAK ekimena da erakusketaren «artxiboa» eta abiapuntua. Arte garaikidean bitartekaritza, erakusketa eta hedapena sustatzeko eremu berriak sortzea da ekimen horren xedea. Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-aretoetan gauzatzen da eta artistek zein bitartekariek hartzen dute parte, 2016az geroztik, arterik berrienari bultzada emango dioten proiektu artistikoak lantzeko.

«HAMAHIRU» da erakusketaren izenburua, hamahiru baita erakusketan parte hartzen duten artisten kopurua. Ekimenak artistak nabarmentzen ditu, eta 13 zenbakia inperfektua edo osatugabea denaren adierazgarri gisa erabiltzen du. Euskal artean hemen eta orain egosten ari dena osorik jasotzeko ezintasuna ere aitortzen du.

Hasieratik eta prozesuan zehar, artistek aurkeztutako proposamenen, haien izaeren eta prozesuen arabera antolatu da erakusketa, eta ez aldez aurretik erabakitako edo kalkulatutako modu jakinean.

Honako hauek dira erakusketan parte hartzen duten artistak: Ainhoa Lekerika Obieta, Ander Pérez Puelles, Ane Rodríguez Zaitegi/ Anemotorazing, Clara Elizondo, Esti Ibarra, Ibon Landa Amutxategi, Ignacio Sáez, Javier Rodríguez Pérez-Curiel, Miel Oyarzabal, Mikel Ruiz Pejenaute, Miren Candina, Natalia Suárez Ortiz de Zárate eta Santiago F. Mosteyrín. eremuak programako batzorde teknikoko kideak arduratu dira artistak hautatzeaz eta komisario-lanak egiteaz: José Ramón Amondarain, Aimar Arriola eta Leire Muñoz, orain gutxira arte batzordekide izan duten Maider Lópezekin batera.

Erakusketaren inguruan plazaratuko den argitalpenean jasota geratuko dira erakusketaren beraren edukiak eta baita HARRIAK ekimenaren lehenengo 6 urteetako ibilbidearen laburpena ere, orain arte ez baita horrelako materialik argitaratu.

EREMUAK

Arte garaikidean testuingurua sortzeko Eusko Jaurlaritzaren programa irekia da eremuak, eta 2020tik Tabakaleran du egoitza.

Artistei eta sortzaileei plataforma bat eskaintzea, eztabaidarako eta topaketarako giroa sustatzea, eta arte garaikidearen errealitatearen behatokia izango den lanerako gunea prestatzea dira eremuak-en xede nagusiak.

Euskal Herrian arte garaikidearen eztabaida gauzatzeko testuinguruak sustatzen, optimizatzen eta/edo hobetzen laguntzen duten ekintzak daramatza aurrera eremuak-ek.

Hala, hamar urtetik gorako ibilbidean, eremuak programak 105 proiektu baino gehiago lagundu ditu deialdi jarraituaren bidez; HARRIAK ekimenaren baitan 38 erakusketa antolatu ditu EAEko zenbait herritan 130 artistatik gora partaide izan direla; 15 argitalpen kaleratu ditu, eta hainbat egunetako 11 jardunaldi publiko antolatu ditu. Jardunaldi horietara arte garaikidearen inguruko askotariko eragileak gonbidatu ditu, beren esperientzia profesionala parteka zezaten. Gainera, jendaurrean aurkezten du urtean zehar burututako jarduera.