Barakaldoko Udalak barakaldarren ekarpenak jasotzen ditu Emakumeen Etxea modu parte-hartzailean sortzeko

0

Joan den ekainean hasi zen prozesua udaleko alderdi politikoei, elkarte feministei eta hiriko emakume taldeei entzunez, eta astelehenean hasita, hilak 17, erakusketa baten eta www.barakaldo.eus udal webgunean herritarren ideiak bilduko ditu. Barakaldok Bagatza auzoan, La Bondad kaleko 10. zenbakian, kokatuko du bere Emakumeen Etxea.

Barakaldarrek Emakumeen Etxea nolakoa izatea nahi duten ere erabakiko dute. Barakaldoko Udalak herritarrek parte hartzeko eta entzuteko prozesu bat jarri du abian ekipamendu berri horri forma emateko; etxea Barakaldoko Bagatza auzoko La Bondad kaleko 10. zenbakian egongo da. Hala jakinarazi du Iratxe Focesek,  Emakumearen zinegotzi ordezkoak, eta azaldu du entzuteko prozesua azalpen-erakusketa baten bidez egingo dela; erakusketa horretan Euskadin dauden emakumeen etxeak aztertuko dira, nola funtzionatzen duten, zer zerbitzu eskaintzen dituzten eta abar. «Horrela gure hirian ireki nahi dugun zerbitzu berri hau barakaldarrentzat gero eta ezagunagoa izatea nahi dugu  eta, inguruko beste udalerri batzuetan nola funtzionatzen duten ikusi ondoren, Barakaldokoa nolakoa izatea nahi duten jakin dezaten nahi dugu, martxan jartzeko egokitzat jotzen dituzten ekarpenak eginez» azaldu du Fozesek.

Erakusketak paneletan erakusten ditu Euskadin dauden 18 emakume-etxeen adibideak. Datorren astelehenetik, urriaren 17a,  urriaren 28ra bitartean bisitatu ahal izango da Clara Campoamorren zein Gurutzetako gizarte-etxean. Erakusketaren azken panela Barakaldori buruzkoa da. Zinegotziak adierazi duenez, «horra iritsita erakusketa bisitatzen duten pertsonek La Bondad kaleko atea gurutzatzen dutenean gure hirian zer aurkitu nahi duten adieraztea nahi dugu». Horretarako formulario bat izango da, modu anonimoan bete daitekeena, bai erakusketa ikusgai egongo den bi gizarte-etxeetan, bai www.barakaldo.eus udal webgunearen bidez.

ERAGILE GUZTIEKIN ENTZUTEKO PROZESUA

Udalak joan den ekainean ekin zion udaleko alderdi politikoekin, elkarte feministekin eta hiriko emakume-taldeekin entzuteko prozesu parte-hartzaileari udal-ekipamendu horren kudeaketa-eredua diseinatzeko, bai eta bertan jasoko diren zerbitzuak eta erabilerak ere. Hori urrats berria da genero-indarkerian eta emakumeen ahalduntzean aditua den aholkularitza-enpresa bat zuzentzen ari den prozesu honetan.

«Emakumeen Etxea sortzea gobernu-taldeak egin dugun apustua da, Barakaldoko emakumeei ematen zaizkien zerbitzu guztiak biltzeko gune bat izateko, bertan jarduerak egiteko eta, gainera, lanean ari garen Emakume Kontseiluaren egoitza izateko. Baina hori ez da apustu bat bakarrik, barakaldarrekin hartu dugun konpromisoa baizik, berriki onartu dugun IV. Berdintasun Planean argi eta garbi jasotzen dena», gogorarazi du Focesek.

Zerbitzu berri hau kokatuko den lokala Bizkaiko Foru Aldundiak Udalari laga dio ondore horretarako.