eLankidetzak krisi klimatikoari aurre egiteko esperientziak babestuko ditu Saharaz Hegoaldeko Afrikan

0

Gobernu Kontseiluak 600.000 euroko dirulaguntza zuzena onartu du Institut Africain pour le Development Economique et Social-Centre Africain de Formation erakundearentzat eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez; Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena. Dirulaguntzak Saharaz Hegoaldeko Afrikan klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko balioko du.

2018tik 2021era, elkarteak ikerketa bat egin zuen Afrikako 11 herrialdetan klima-aldaketari aurre egiteko eta tokiko gobernantza sendotzeko jardunbide egokiekin. Ikerketa eLankidetzaren laguntzarekin egin zuen. Ikerketak mintegi birtual batean aurkeztutako 50 esperientzia aztertu zituen; horien artean; egurra ez xahutzeko erregai alternatibo gisa karite-gantza edo anakardo-oskolaren erabilpena Ruandan; ura aprobetxatzeko zaipits edo landaketarako hobien sortzea Kenyako eremu idorretan; baso-eremuen babes komunitarioa Burkina Fason elikagaiak modu iraunkorrean lortu ahal izateko edo uholdeak aurreikusteko alerta sistema komunitarioa Togon.

Oraingo laguntzarekin bilatzen da, gutxienez aurreko ikerketatik aztertutako 50 esperientziatik 20 babestu eta beste aktore zein lurralde batzuetan errepikatu zabal daitezen. Helburu nagusia da sareak bultzatzea eta esperientziak trukatzea jardunbide egokiak sortutako pertsonen artean eta klima-gaietan interesa duten beste herrialde batzuetako pertsonen artean.

Institut Africain pour le Development Economique et Social-Centre Africain de Formation erakundea 1962tik Afrikan bidezko garapen iraunkorra sustatzen duen elkartea da. 10 herrialdetan du presentzia, eta eskarmentu handia dauka ikerketa lanetan; besteak beste, klima-aldaketa eta lurralde garapen inklusiboan. eLankidetza 2018an hasi zen erakundearekin lanean, eta aurkeztutako txostena laguntza horren ondorioa da.

Euskal Fondoari laguntza

Era berean, Gobernu Kontseiluak eLankidetzak finantzatuko duen beste dirulaguntza bat onartu du. Guztira, 258.064,52 euro izango dira Euskal Fondoa Asociación de Entidades Locales Vascas Cooperantes erakundeak AKUAL programa kudeatu dezan, Erdialdeko Amerikaren eta Euskadiren arteko lankidetzarako programaren bigarren edizioa (2021-2024), hain zuen.

Programa horren lehen edizioa 2018. urtearen erdialdetik 2021. urtearen erdialdera egin zen. Euskadiko lankidetza-eragileek eta Euskadiko, El Salvadorreko eta Costa Ricako ur-eragileek bat egiten dute, eta, besteak beste, lankidetza teknikoko eta ezagutza-mugikortasuneko osagai garrantzitsua du Erdialdeko Amerikaren eta Euskadiren artean.