Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, bigarren urtez jarraian, bere osasun-bikaintasunagatik aitortua

0

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak jarduera klinikoari balioa emateko darabilen estrategia aitortu dute, eta saritu egin dute, bigarren urtez jarraian, emaitzarik onenak lortzen dituen zentroetako bat bezala IQVIAk antolatutako Top Value saria. Top Valuek ebaluazio sanitarioko eredu berri bat ematen du, laguntzaren balioan oinarritutakoa (Value Based Healthcare), mundu osoko ebaluazio-joera berriekin bat etorriz.

Balioan Oinarritutako Medikuntzaren ebaluazioaren (VBHC) egoera berri horretan, zenbait kontzeptuk indarra hartzen dute, osasun-arazo zehatzen ebaluazioak, asistentziaren egokitzapenak eta pazientea erdigunean benetan jartzeak, besteak beste. Eredu horren oinarrian dago pazienteek ere parte hartzea estrategia terapeutikoen erabakian, edo pazienteek, emaitza garrantzitsuak neurtzeko tresnen bidez (PROM), zuzenean emandako osasun-emaitzak neurtzea. Eredu horrek, izan ere, kuantifikatu nahi du sistemak emaitzei dagokienez zer ekarpen egiten duen kostuko unitateko.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin batera, beste hiru zentro ere aintzatetsi dituzte: Bartzelonako Vall D ‘Hebron eta Sant Joan de Deu, eta Madrilgo QuirónSalud taldeko ospitale publikoen sarea.

IQVIAk egindako Value Based Healthcare ereduaren oinarrizko bost alderdiei erreparatuta eginiko azterketaren ondoren hautatu dituzte ospitale sarituak:

1. Balioari buruzko orientazio estrategikoa
2. Balio-ereduen egokitzapena
3. Praktika klinikoen egokitzapena
4. Emaitza garrantzitsuen neurketa
5. Balioaren finantzaketa

Estatu osoko 30 ospitalek baino gehiagok bat egin dute IQVIAren Top Value sarien bigarren edizio honetan.

Osakidetzaren estrategia

Osakidetzaren 2021-2024 aldirako Esparru Estrategikoan pertsonak ardatz dituen osasun-sistemari eusteko jasotako estrategietako bat da Balioan Oinarritutako Medikuntza (VBHC) sistema bat ezartzea. Osasun-sistemak lortzen ari garen osasun-emaitzak balioesteko ardura du, besteak beste, eta herritarrei ahalik eta balio handiena emateko hartu behar diren neurriak hartzeko betebeharra. Osasunaren arloko ekintza pertsonetan izaten ari den inpaktua ezagutu behar da, eta haiekin baieztatu espero ziren osasun-emaitzak lortu direla. Inpaktu hori ezagutzeko oinarria hau da: nazioarteko estandar abalatuak eta emaitza horiek zorroztasunez neurtzeko aukera ematen duen metodologia.