Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 350.000 euro bideratuko ditu kultura-arloko jaialdiak diruz laguntzera

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu kultura-arloko jaialdiak antolatzeko 2022ko dirulaguntzak. Asmoa musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak bultzatzen dituzten jaialdiak laguntzea da. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 350.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza hauetara. Kategoria bakoitzak kreditu hau izango du:

    • 145.000 euro arte bizietako jaialdiak antolatzeko (arte eszenikoak, zuzeneko musika, bertsolaritza…)

 

    • 100.000 euro ikus-entzunezko arteetako jaialdiak antolatzeko

 

    • 75.000 euro ikusizko arteetako eta literaturako jaialdiak antolatzeko

 

    • 30.000 euro diziplina anitzeko jaialdiak antolatzeko

 

Diruz lagunduko diren proiektuek gehienez 35.000 euroko dirulaguntza jasoko dute eta Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eta jendaurreko jarduerak epe mugatu batean gauzatu beharko dira, inola ere ez bi egun baino laburragoa, ez eta bi hilabete baino luzeagoa ere. Gainera jaialdiak aldikakoak izan behar dira eta irauteko bokaziodunak.

Eskabideak aurkezteko epea urriaren 27tik aurrera hilabetekoa izango da.

2021eko deialdian guztira 29 jaialdi lagundu ziren diruz, besteak beste, Zinemakumeak Gara jaialdia, Loraldia Festibala, Blues hotsak 2021, Dock of the Bay jaialdia, Dantz Festival, Zinegoak, Urdaibaiko organoak, Zinetxiki zinemaldia, Bilboko nazioarteko txotxongilo jaialdia edo Aitzina Folk.