Miren Elgarresta: «Behartutako ezkontzak emakumeen aurkako indarkeria dira»

0
PRUEBA

Gaur goizean, behartutako ezkontzei buruzko prestakuntza-jardunaldia egin da Gasteizen. Emakundek antolatu du, Emakumeen eta neskatoen sexu-esplotaziorako salerosketaren Mahaiaren barruan. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak hasiera eman dio jardunaldiari, eta gogorarazi du behartutako ezkontzak emakumeen aurkako indarkeria direla, Istanbulgo Hitzarmenak jasotzen duen bezala, eta Berdintasunerako Lege berrian eta onartu berri den Sexu Askatasunaren Berme Integralerako Lege Organikoan jasotzen den bezala.

«Kontuan izan behar dugu ezkontza behartuak desberdintasun-, menderatze- eta botere-gehiegikeria dagoen harremanetan oinarritzen direla; baina, horrez gain, beharrezkoa da nahi ez diren ezkontza horien biktima diren emakumeen errealitateak eta gizarte-baldintzatzaileak sakonki eta ikuspegi multikultural batetik ezagutzea», adierazi du Emakundeko zuzendariak.

Jardunaldian hainbat adituk parte hartu dute, besteak beste, Luis Lafont Nicuesak, Madrilgo Autonomia Erkidegoko fiskalak, eta ezkontza behartua helburu duen salerosketa-delituari buruzko legeria eta doktrina judizial garrantzitsuena aztertu ditu.

Halaber, Andrea García González, Esquadra Mossoetako kidea, biktimak antzemateko eta identifikatzeko orduan segurtasun-indarrek duten eginkizunaz mintzatu da; eta Nuria García García eta Ruth Rosique Labarta, “Valientes y acompañadas” elkarteko kideek horrelako kasuen prebentzioaz, prestakuntzaz eta esku-hartzeaz hitz egin dute.

Jardunaldia biktimekin lan egiten duten profesionalei eta Emakundek koordinatzen duen Emakume eta neskatoen sexu esplotaziorako salerosketa-mahaia osatzen duten erakunde eta instituzioei zuzenduta egon da.