Inguru sanitarioko, soziosanitarioko, zientifikoko, teknologikoko, enpresako eta administrazioko hainbat erakundetako ia 100 pertsonak partehartu dute Zahartze Osasuntsuari buruzko Zeharkako Trakzio Ekimena aurkezteko jardunaldian, urriaren 18an, asteartearekin, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian.
Ekitaldiaren helburu nagusia, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren –ZTBP 2030– esparruan, ekimen berri hori aurkeztea izan da, espezializazio adimenduneko arloen arteko zeharkako lankidetza indartzeko eta zahartze osasuntsuaren eremuan lankidetzako I+G+b proiektu eragile berriak bultzatzeko.
Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak, Zeharkako Trakzio Ekimenen kontzeptu orokorra eta esparrua aurkeztu ditu, eta azpimarratu du euskal gizartearen erronka handietako batzuei ikerketan eta berrikuntzan oinarrituta aurre egiten lagunduko duten tresnak direla.
Ondoren, Marian Ibarrondok eta Jose Antonio de la Ricak, Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendariak, hurrenez hurren, Zahartze Osasuntsuaren ekimenaren irismena aurkeztu dute, eta hurrengo urteetarako ezarri diren erronka eta helburuak azpimarratu dituzte.
Jardunaldiaren lehen zati hori amaitzeko, etorkizuneko zeharkako trakzio proiektuak diseinatzen lagunduko duen laguntza-programa berria deskribatu da (urriaren 11n onartu zen dekretu arautzailea), bai eta 2030erako ZTBPren espezializazio-arlo ezberdinetatik ekimenari egindako ekarpena ere.
Jardunaldiaren bigarren zatian, dinamika partehartzaile bat antolatu da hainbat lan-mahaien inguruan. Dinamika horri esker, partehartzaileek elkar ezagutu dute, eta trakzio proiektu berrien ideiak identifikatzen hasi dira, beren erakundeetatik lagundu ahal izateko. Mahaietako ondorio nagusiak bertaratu diren pertsona guztien artean partekatu dira, ezagutzaren trukea eta ideien ongarritze gurutzatua errazteko.
Jardunaldia amaitzeko, Cristina Uriarte komisionatuak iragarri du laguntza-programa berriaren lehen deialdia urte honen amaieran onartuko dela, eta, beraz, ikerketako eta garapeneko zeharkako trakzio proiektuen diseinua 2023ko erdialdean hasi ahal izango dela.