Garraio Sailak metroaren 3. lineako obretarako eraitsitako Bilboko Esperantzako pilotalekua berreraiki du

0

Bilboko Udalak, Esperantza kaleko 4. zenbakiko orubean, kale horrekiko perpendikularrean eta metroaren 3. lineako Zazpikaleetako geltokiko estalkiaren gainean dagoen Esperantzako pilotaleku berria hartu du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoaren eskutik. Pilotalekuaren oinarrian dagoen bost solairuko eraikinak, kultura eta familiaren aisialdia batuko dituzten ekipamendu-erabilerako hainbat espazio publiko izango ditu.

Esperantzako pilotaleku zaharra 2015ean eraitsi zen, 3. lineako Zazpikaleetako geltoki berriaren eraikuntza errazteko. Gaur egun dagoen higiezina bolumen bakarra da, eta bertan bi eraikin daude, pilotalekua eta hainbat gela dituen eraikina, bai eta horietara sartzeko ataria ere. Orain arte egindako lanak ETSk egin ditu, eta hemendik aurrera Bilboko Udalari dagokio, bertan emango dien erabileraren arabera espazioen azken banaketa egitea. Hala, obrak 4,8 milioi euroko aurrekontua izan du (BEZik gabe), Eusko Jaurlaritzak eta Udalak erdibana finantzatuta.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, ETSko eta udaleko teknikariekin batera, zuzkidura- eta kirol-bulegoak bisitatu dituzte gaur goizean, obren aurrerapena egiaztatzeko.

Pilotaleku berria, 30 metro luze eta 20 metro zabal inguru dituen esparru itxia da. Aldi berean joko eta egitura eremu diren hiru pareten inguruan egituratzen da. Diseinu-osagai horretan, pilotalekuaren orientazioa funtsezkoa da. Alde batetik, jokoan zehar itsualdiak eragiten dituen eguzki-argi zuzenaren eragina saihestu behar da, baina, aldi berean, ustiapen-kostuak murrizteko adina argi natural sartzen utzi behar da.

Joko-paretak hormigoi armatuzkoak dira; itxituraren gainerakorako, berriz, gortinazko horma bat aukeratu da, multzoari arintasuna emateko. Frontisa ‘Debako kareharri grisezkoa” da. Harmailak hainbat jarleku-ilara ditu, eta, horri esker, kantxa-kotan egiturapean instalazio-eremu bat hartzeko behar adina altuera du. 175 pertsona jarrita sartzen dira bertan guztira.

Udal-titulartasuna duen eraikin berriak helburu bikoitza du: alde batetik, altuerako pilotaleku berriaren euskarri izatea, eta, bestetik, hiri eremu trinko baten erdian dagoen espazio berria aprobetxatzea. Horretarako, 5 solairuko eraikina egin da. Beheko solairuan eta lehenengo bietan 240 m2 inguruko azalera eraikigarria du. Zifra hori 160 m2-ra murrizten da eraikinaren azken bi solairuetan.

Udal eraikin horrek auzoaren eskaerei erantzungo die, udal ekipamenduak izango dituen jarduera nagusien bidez: gaztegunea (beheko solairua), haur-liburutegia (lehen solairua) eta haurgunea (bigarren solairua).

Hirugarren eta laugarren solairuetarako, besteak beste, pilotarekin erlazionatutako jardueretarako espazioak proiektatzen dira. Eremu pribatuak eta bilera-gela Mallonako hegaleko eustormaren ondoan egongo dira.

Akaberak eta altzariak hautatzeko, jasangarritasun, erresistentzia eta mantentze-lan gutxiko irizpideak hartuko dira kontuan. Gainera, kontuan hartuta etorkizuneko auzo-ekipamenduan aurreikusitako jarduerak batez ere ume eta nerabeei zuzenduta direla, lehentasuna emango zaio kolorearen eta hainbat testuraren erabilerari, sormena eta irudimena suspertzeko eta jolasaren bidez ikaskuntza dinamikoa sustatzeko.

Proiektua, eraikuntzarako informazio-modelatzea ere deitzen den BIM (Building Information Modeling) sistemaren bidez gauzatu da. Sistema hori, diseinuan eta eraikuntzan denbora eta baliabideen galera murrizteko eraikinak hiru dimentsiotan eta denbora errealean modelatzeko software dinamikoa erabiliz egiten den eraikinaren bizi-zikloko datuak sortzeko eta kudeatzeko prozesuan oinarritzen da.