Lehendakariak Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza bisitatu du gaur goizean Donostian, sortu zenetik 75 urte bete direnean. Bertan, Iñigo Urkulluk gerraosteko “urte gogor eta grisetan” zientziaren aldeko apustua egin eta “egia zientifikoa bilatzeko eta zabaltzeko” konpromisoa hartu zuten “pertsona aitzindari” talde baten ekimena aitortu du. “Urte haietan jaiotzeak zuen izaera inprimatu zuen. 75 urte hauek osotasunaren, bizitasunaren eta energiaren sinonimoak dira”, esan die.
Lehendakariak ziurtatu du Aranzadi gaur egun ikerketa eta dibulgazioko ekosistema zientifiko baten “bihotza” dela, eta “gure ondarea, natura eta memoria historikoa zaintzeko eta zabaltzeko” duen konpromiso iraunkorra nabarmendu du.
Ildo horretan, gogora ekarri du Aranzadik memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko politika publikoekin izan duen lankidetza, eta, bereziki, desagertutako pertsonen gorpuzkiak lurpetik ateratzeko edo gerraren ondorioz hil ziren pertsonei buruzko datu-basea egiteko. Datu base horrek 21.000 erregistro ditu herritarren eskura, gogorarazi duenez.
“Ikertzea, ezagutzea, sentsibilizatzea, baloratzea, babestea, sustatzea… Hau da Aranzadi: Zientzia sarean; Profesionaltasuna eta zorroztasuna; Ikerketa, hedapena eta prestakuntza”, adierazi du amaitzeko.
Hitzaldien ondoren, Lehendakariak eta gainerako bertaratuek Aranzadiko diziplina anitzei buruzko aretoak bisitatu dituzte, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan du elkarte zientifiko horrek egiten duen lana.