Parte Zaharrean zuntz optikoaren sare berria jartzeko lanak hilabete amaieran hasiko dira

0
PRUEBA

Donostiako Udala Parte Zaharrean zuntz optikoa zabaltzeko egin beharreko lanak hasteko azken tramiteak burutzen ari da. Horiek horrela, Udalak aditzera eman du zuntz optikoaren sare berria instalatzeko lanak hilabetearen amaieran hasiko direla. Horretarako, hurrengo egunetan Parte Zaharreko auzotarrek Udalaren gutuna jasoko dute, non eta lanen faseei buruzko informazioa izango duten.

Hirigintza Sostengagarriko zinegotzi Nekane Arzallusek azpimarratu du, zuntz optikoaren sare berriak Parte Zaharreko 200 jabe-erkidegok, zein tabernek, jatetxeek eta gainerako saltokiek duten telefono eta internet zerbitzua hobetuko duela.

Lanak hilabetearen amaieran hasiko dira eta Urbycolan enpresak egingo ditu; 640.651 euroko aurrekontua dute eta Europar Batasunaren Next Generation funtsen finantziazioa izango dute.

Zuntz optikoaren sarea guztiz ezartzeko epea 6 hilabetekoa da, eta lanak kale ezberdinak hartuko dituzten hainbat fasetan egingo dira. Auzoaren ekialdetik hasiko dira instalazioa egiten (Iñigo kaletik), mendenbaldetik amaitu arte.

Hirigintza Sostengagarriko ziengotziak honakoa esan du: “Azpiegitura hau instalatzea lehentasuna izan da Udalarentzat, auzotarrek zein merkatariek behar duten konektibitatea bermatzeko. Gainera, Parte Zaharraren kasuan, kontuan hartu behar izan da Monumentu Multzoaren izendapena duela, eta horrek, tramitazioa zein irtenbide teknikoak zaildu ditu, izan ere, lanak egiterakoan ondareari ez eragiteko irizpideak kontuan hartu behar izan dira”

Era berean, Donostiako Udalak aztertzen jarraitzen du 69 atarien egoera, izan ere, ez dute gertu telekomunikazio sarerik. Eta halaber, telekomunikazioen operadore ezberdinekin harremanetan jarraitzen du Udalak jarriko duen azpiegituratik sarearen zabaltzea koordinatzeko.

Udalak fase bakoitzean eragina izan dezaketen auzotarrei zein merkatariei informazioa helaraziko die, lanen hasierari buruzko informazioa eta izan daitezkeen eraginak zehaztuz.