Bigarren Amara Berriko Eguna urriaren 22an ospatuko da

0

Amara Berri auzoko hainbat elkarte eta gizarte-eragilek urriaren 22an, larunbatean, ospatuko dute bigarren Amara Berriko Eguna. Topaketa horretan, auzoko erakundeek beren lana ikusarazi nahi diete auzotarrei, haien arteko komunikazioa bultzatzeaz gain.

Ekimena iaz egin zen aurreneko aldiz, eta Amara Berriko Auzo Mahaiako bilera batean sortu zen. Bertan, elkarteen lanari balioa emango zion topaketa antolatzeko aukera ikusi zen eta, horrez gain, auzoari bizia ematekoa.

Egitarau oparoa

Larunbat goiz osoan zehar, 10:00etatik 14:30era, Armeria plazan adin guztietarako hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu dira. Txistulariak, trikikitilariak, dultzaineroak, musika taldeak, dantzak eta antzerkiaz gain, puzgarriak eta jolasak izango dira txikienentzat. Ekimeneko talde eragilea hauek osatzen dute: Amara Berri Auzo Elkartea, Ilunki Elkartea, Ikasbide Kultur Elkartea, Arcco, Gipuzkoako Merkataritza Federazioa, Politekniko institutua, Scientia Karmelo Guraso Elkartea, Chernobyl Elkartea, Berritsu elkartea, Gobernu Zibila plataforma, Kichwa Otavalo elkartea, eta Udaleko Herritarren Partaidetza Zerbitzua.

Auzo Mahaiak

Auzo Mahaiak Donostiako Udaleko Herritarren Partaidetzako Zerbitzuak bultzatutako espazioa da, eta Auzoko elkarte zein entitate ezberdinek, euren jardun eremutik harago, bertako kohesio soziala areagotzera bideratutako gogoetak partekatu, proiektuak diseinatu eta gauzatzeko lan egiten du. Ildo horretan, esparru soziokulturalean hobekuntzak bilatzen ditu, betiere, ikuspegi komunitariotik, eta aniztasuna bermatzen saiatuz.

Amara Berriko Auzo Elkartea 2020. urtean jaio zen, eta orain arte honako elkarte eta entitate hauek osatzen dute: Amara Berriko Auzo Elkartea, Gipuzkoako Merkataritza Fererazioa, ARCCO, Ikasbide Elkartea, Ilunki Elkartea, Chernobyl Elkartea, Urrats euskaltegia, Gobernu Zibila kultur etxe plataforma, Easo Politeknikoa, Katalin ikastetxea, Amara Berri ikastetxeko Guraso Elkartea, eta Donostiako Udala.