Lehiaketaren xedea da emakumeek jasaten duten bereizkeria egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen
arte adierazpen motak bultzatzea. Lanak errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dira. Horrenbestez, “Beldur Barik” proiektuek hau erakutsi behar dute: emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa.
Lehiaketan edozein adierazpen artistiko onartuko da, baldin eta euskarri digitalean aurkezten bada: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketazko testuak, bideoklipak, argazkiak, fotonobelak, lipdubak, dantzak, etab.
Zer balioetsiko da
Lanen balorazioan honako hauek hartuko dira kontuan: mezuaren kalitatea (nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen konpromisoa matxismoaren aurka); originaltasuna; begiraden irekiera gazteek beraien egunerokoan bizi dituzten indarkeriaren adierazpenak identifikatzerako orduan; aurkeztutako irtenbidearen ikuspegia eta tonua; eta, euskararen erabilera.
Kategoriak eta sariak
Aurten adin-tartean aldaketa bat egon da. Parte hartu ahal izango dute 12 eta 20 urte arteko neskak eta mutilak.
Aurten kategoriak aldatu dira baita ere. Hiru kategoria daude:
- 1. kategoria: 2010 eta 2008 urteen artean jaioak (12-14 urte)
- 2. kategoria: 2007 eta 2005 urteen artean jaioak (15-17 urte)
- 3. kategoria: 2004 eta 2002 urteen artean jaioak (18-20 urte)
Sariei dagokienez, lehenengo eta bigarren kategorietan honako hau irabaziko dute: tokiko lehiaketan hirian ospatuko den kirol ekitaldi edo ekitaldi kultural batera joateko sarrerak. Azkenik, hirugarrenean, 300€.
Epaimahaikideen emaitza azaroaren 25ean emango da ezagutzera sari banaketa ekitaldian.
2022/10/20-an argitaratua