Lanbideko Administrazio Kontseiluak 1.091 milioi euroko aurrekontua adostu du 2023rako

0

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak, ostegun honetako bileran, 1.091 milioi euroko aurrekontua adostu du 2023ko ekitaldirako, hau da, aurten baino % 20,2 gehiago.

Lanbideko lehendakari eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak proposatuta, zuzendaritza-organoak gehikuntza hori erabaki du, Diru-sarrerak Bermatzeko Sistemaren lege berria indarrean sartzearekin eta prestakuntza- eta enplegu-programak indartzearekin lotutako aurreikuspenen ondorioz. Horren xehetasunak Eusko Legebiltzarrera bidaltzen direnean ezagutuko dira. Gobernu Kontseiluak datorren asteartean onartuko duen Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektuan sartuko da akordioa.

Bestalde, Kontseiluak 2022-26 Plan Estrategikoa onartu du. Dokumentu horretan, Lanbideren misioa, ikuspegia, helburuak, ardatzak eta ildo estrategikoak zehazten dira, eta 2026ra arteko hogeita hamar proiekturen bidez antolatuko dira.

Testu hori idazteko, hasierako azterketa bat egin da testuinguru sozioekonomikoari buruz, bai eta arau-esparruari eta esparru estrategikoari buruz ere, eta beste azterketa sakonago bat egin da Lanbidek emandako zerbitzuari buruz, erabiltzaile potentzialengan eta eskaini behar duen zerbitzu-kartetan zentratuta. Azterketa horiek, 2021eko azaroan onartutako Lanbide Hobetzen dokumentuan egindakoekin batera (dokumentu horrek enplegu-zerbitzu publikoa eraldatzeko eta hobetzeko eredu bat proposatzen zuen, antolamendu-, arreta-, esku-hartze-, prestakuntza- eta orientazio-alderdietan aldaketak eginez), Plan Estrategiko hau ekarri dute, eta datozen lau urteetan egongo da martxan.