Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak metroaren 5. linea finantzatzeko eta eraikitzeko hitzarmena sinatu dute

0

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak metroaren 5. linea eraikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Horrela bi erakundeek konpromisoa hartu dute obra hori egiteko behar diren 360 milioi euroen % 50 jartzeko; obren lizitazioa datozen asteetan egingo da. Trazadurak bost geltoki berri izango ditu (Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea), eta ospitaleraino 6,3 kilometro gehituko zaizkio metroaren sareari, eta Euskotrenen Busturialdeko eta Durangaldeko linearekin lotuko da, beste kilometro eta erdi inguru gehiagoko ibilbidearekin.

Akordioa sinatu duten Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua, Iñaki Arriola, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua, Pedro Azpiazu, eta Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, pozik azaldu dira erakundeen arteko lankidetza honekin, Bizkaiko herritarrek hedapen guztietan gehien erabiltzen duten garraio publikoaren arrakasta bermatu duelako.

Trenen euskal administratzailea den Euskal Trenbide Sarearen proiektua hiru zatitan banatuta dago, eta horiei laugarren zati bat bakuko zaie, Usansolon Euskotrenen linearekin lotuko dena. Lehenengoak, Sarratu-Aperribai, 1.540 metroko  luzera du, eta Etxebarriko geltokiaren ondoren Euskotrenen Matiko-Etxebarri linearen aire zabaleko desbideratze moduan sortzen da. Beraz, 3. linearen jarraipena izango da, eta, beraz, 5. linea ere Euskotrenen esku egongo da, eta eragiketa-gastuak erakunde horrek  hartuko ditu bere gain.

Metro batzuk aurrerago, Sarratuko (Basauri) geltoki intermodala eraikiko da, gainazalean, baina estalita. Geltoki hau Euskotrenen eta Metro Bilbaoren arteko trukerako terminal gisa planteatu da. Hortik aurrera, trazadura osoa lurpean egingo da. Ibaizabal ibaiaren azpitik zeharkatuko du, Nerbioi ibaiarekiko lotunearen parean. Aperribaiko geltokiak erdiko nasa izango du eta cut & cover izeneko prozeduraren bidez eraikiko da, hau da, aire zabalean induskatuko da, pantailak jarriko dira eta berriro estaliko da.

Bigarren tarteak, Aperribai-Galdakao, 2.800 metroko luzera  du, eta Galdakao Erdialdean amaitzen da. Bengoetxeko geltokia ere, ostalaritza-eskolaren parean egongo dena, cut & cover sistemaren bidez induskatuko da, baina kasu honetan alboko nasak izango ditu. Ondoren, meatze-tunela eraikiko da Galdakaoko Agirre Lehendakariaren plazaraino (Plaza Gorria esaten zaiona). Bertan, haitzulo-geltokia eraikiko da, Metro Bilbao motakoa. Terminalak sartzeko bi kanoi izango ditu, bata Bernart Etxepare kalean eta bestea Euskadi eta Juan Bautista Uriarte kaleen arteko bidegurutzean.

Hirugarren tarteak, Galdakao-Ospitalea, 1.930 metroko luzera du eta tunelean egiten du aurrera Galdakao-Usansoloko Ospitaleko geltokitik aurreraxeago iritsi arte; hau ere haitzulo motakoa izango da. Terminalak zuzeneko sarbidea izango du osasun-zentrotik, igogailuen bidez.

Laugarrenak Euskotrenen Busturialdeko eta Durangaldeko linearekin bat egingo du, Ospitaleko geltoki berritik abiatuta. Gaur egun informazio-azterlanaren idazkuntza amaitzen ari dira.