Lehendakariak irekiko du Autogobernuari buruzko jardunaldia, datorren astelehenean Bilbon

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak euskal autogobernuaren orainari eta etorkizunari buruzko jardunaldia irekiko du datorren astelehenean, hilak 24, Euskalduna Jauregian, Bilbon. Konklabeak Zuzenbideko hainbat arlotan adituak diren hamar bat irakasle eta katedradun bilduko ditu, eta hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egingo dituzte.

‘Euskal Autogobernua orain eta bihar’ lelopean, 11: 00etan hasiko da jardunaldia Lehendakariaren aurkezpenarekin eta, ondoren, Mikel Erkoreka eta Jon Garro Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak lehen hitzaldia emango dute. Bi adituek autogobernuaren egungo egoera, balorazio soziala eta euskal gazteen autogobernuaren ezagutza maila erradiografiatuko dute.

Ondoren, Joxerramon Bengoetxea UPV/EHUko katedradun eta Leizaola Saria azken irabazleak moderatuta ‘Autogobernua eta Europa’ mahai-ingurua izango da. Alejandro Saiz Arnaiz (Pompeu Fabra Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna), Juan Jose Alvarez (UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna) eta Mariola Urrea (Nazioarteko Zuzenbideko eta EBko irakaslea Errioxako Unibertsitatean) arituko dira eztabaidan.

Etenaldi labur baten ondoren, jardunaldiari berriro ekingo zaio, euskal autogobernuaren bilakaerari buruzko bigarren ponentzia batekin, ikuspegi historiko batetik. Asier Madarieta historialariak emango du hitzaldia.

Hurrengo eta azken mahai-inguruan, hizlariek euskal autogobernuaren etorkizuna jorratuko dute. Igor Filibi UPV/EHUko Nazioarteko Harremanetako katedradunak zuzenduko du Maite Zelaiaren (UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea), Xabier Arzozen (UNEDeko Zuzenbide Administratiboko katedraduna) eta Alberto Lopez Basagurenen (UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna) arteko eztabaida.

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak emango dio amaiera jardunaldiari, hain zuzen ere  ekitaldia antolatu duen Saileko buruak.

Oharra: Jardunaldia streaming-ez ikusi ahalko da, Irekia-n