Patogenotasun handiko hegazti-gripearen kasu berriak hauteman dira Gasteizen

0

• Gaixotutako hegaztiak aurkitzekotan, ez dira manipulatu behar, eta berehala jakinaraziko zaie larrialdi-zerbitzuei 112 zenbakiaren bitartez, erretira ditzaten.

• Hegazti basatien artean kasuak areagotzen ari direnez, lehentasuna da baserriko hegaztiekin kontaktu bidezko kutsadura ekiditea, bai merkataritza-ustiategietan bai eta autokontsumokoetan ere.

• Hegazti-haragia, arrautzak edo hegaztietatik eratorritako edozein elikagai kontsumitzea ez da arriskutsua kontsumitzaileentzat.

NEIKEReko Animalien Osasun eta Baliabide Naturalen Laborategiak H5N1 patogenotasun handiko hegazti-gripeko (PHHG) bost kasu berriak hauteman ditu Salburuako urmaelen inguruan aurkitutako bi antzara eta hiru zikoinatan. Kasu berri horrekin hamasei dira urte honetan Euskadin hegazti basatietan deklaratutako fokuak: Gipuzkoan maiatzean agertu ziren sai arreen bi fokuak eta Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldetik gertuko zenbait udalerritan hauteman diren zangen hamalau kasuak.

Kasu horiek aurkitu izanak erakusten du gaixotasuna zaintzeko eta kontrolatzeko sistema eraginkorra dela, eta gaixotasuna aurretiaz hautematen ari dela; horrek, kontrolatzea errazten du. Aipatutako sistema hiru Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean gauzatzen ari dira modu koordinatuan.

Agintariek gomendatzen dute hilda edo hilzorian dauden hegazti basatiak ez manipulatzea gomendatzen dute, eta berehala jakinaraztea larrialdi-zerbitzuei 112 telefono-zenbakiaren bidez, foru-zerbitzu ofizialek bil ditzaten. Birus horrek pertsonak gaixotzeko ahalmen txikia duen arren, osasun agintaritzak gomendatzen du sintoma klinikoak edo soroetan hilik dauden hegaztiekin beharrezkoa ez den kontaktua gutxitzea. Edonola ere, birusa ezin zaie transmititu pertsonei hegazti haragia, arrautzak edo hegazti horietatik eratorritako edozein elikagai kontsumituta.

Gaur egun, Europa azken urteetako hegazti-gripearen epidemia larrienetakoa ari da bizitzen, eta 6.000 kasu inguru jakinarazi dira 36 herrialdetan. Gaixotasun hori, nagusiki, hegazti basatiek transmititzen dute, birusaren eramaile naturalak baitira, eta itsas hegaztiek funtsezko garrantzia dute gaixotasunaren hedapenean. Horregatik, hegaztien migrazio aldia dagoeneko hasi denez, gaixotasuna hedatzeko arriskua nabarmen hazten ari da.

Hegazti-gripeak eragin nabarmena izan dezake hegaztizaintzaren sektorean; izan ere, eskortako hegaztien ustiategiren batean foku bat agertzekotan, eragindako ustiategiko hegazti guztiak sakrifikatu behar dira eta horren inguruan murriztapen-eremua ezarri behar da. Horrek galera ekonomiko larria ekarriko lioke euskal hegaztizaintzaren sektoreari, eta, horregatik, momentu honetan lehentasuna da eskortako hegaztiak birusaren aurrean babestea.

Babes-neurrien artean eskortako hegaztien eta hegazti basatien arteko kontaktua ekiditeko neurri guztiak daude, izan zuzenekoa zein instalazioetako asken edo urasken bidezkoa. Horrez gain, garrantzitsua da baserriaren ingurua garbi mantentzea, txori eta karraskarien presentzia ekiditea eta eskortako hegaztiak gainerako animalietatik banantzea. Azkenik, hegaztiak manipulatzen dituzten pertsona kopurua murriztu behar da, eta horiekin kontaktuan egon ostean oinarrizko higiene-neurriak hartu behar dira. Neurri horiek autokontsumo hegaztiak dituzten baserriei ere aplikatu behar zaizkie; izan ere, rol garrantzitsua izan dezakete hegaztien arteko gaixotasunaren transmisioan.