Barakaldoko Herritarren Segurtasun Arloko Zinegotzigoak, haizete gogorrak direla eta, zuhaitz inguruetan ez ibiltzeko eta eraikinetatik gauzak eror daitezkeela kontuan izateko eskatu die herritarrei

0

Ez dira, horregatik, Munoa finkako eta Ramón Rubial Lorategi Botanikoko ateak zabaldu, eta itxi egin dute Anaien parkea, arloko zinegotzi Ángel Madrazok adierazi duenez

Egunotako haizete bortitzak direla eta, zuhaitzak dauden inguruetan  ez ibiltzen ahalegintzeko eta etxeetatik gauzak eror daitezkeela kontuan izateko eskatu die herritarrei Barakaldoko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloa zuzentzen duen zinegotzi Ángel Madrazok.

Azken orduotan, hainbat gertakari izan dugu. Goizeko 9:00ak jo ondoren, zuhaitz handi bat erori da errepidera Munoa finkako atzeko aldean, eta, horren ondorioz, Zumalakarregi kalearen eta N-634 errepidearen arteko zatia moztu behar izan du Tokiko Poliziak.

Handik ordu erdira zabaldu dute berriro moztutako zatia, «Babes Zibileko boluntarioen lanari eta laguntzari eta Usoa Lantegiko lorezaintza zerbitzuko langileei esker, oso bizkor esku-hartu baitute», adierazi du Madrazok.

Bestalde, gizonezko batek zauriak izan ditu, Anaitasuna kalean haizeak bultzatuta bere lekutik atera den edukiontzi batek eman dion kolpearen ondorioz. Gurutzetako ospitalera eraman dute gizonezkoa.

Era berean, Batzar Nagusien kalea moztu behar izan dute Anaien parkeko zuhaitz bat lurrera erori, eta furgoneta bati kalteak eragin dizkiolako. Hori dela eta, hiriaren erdialdean dagoen aisialdi-eremua hori itxi egin behar izan dute.

«Zuhaitzak erortzeko dagoen arriskuaren karietara, ez dira Munoa finkako ateak zabaldu, ez eta Ramón Rubial Lorategi Botanikokoak ere. Era berean, hegoaldeko haize ufada bortitzen eta tenperatu altuen zioz, alerta laranja egoeran daude larrialditako zerbitzuak sute arriskuagatik,  eta horregatik prezintatu ditugu Tellaetxe parkeko barbakoak», adierazi du Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak.