Enpleguari buruzko V. Biltzarrak enpleguaren egungo eraldaketa eta ematen ari diren erantzunak aztertuko ditu 27. eta 28. egunetan

0

Urriaren 27an eta 28an, Enpleguaren V. Euskal Kongresua egingo da Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Bertan, enplegua gaur egungo testuinguruan nola eraldatzen ari den aztertuko da, bai eta administrazioak ekonomia lehiakor batean duina izan dadin ematen ari diren erantzunak ere. Idoia Mendia Lehendakariordeak inauguratuko du, eta bertan izango dira, besteak beste, Cristina Garmendia Berrikuntzarako COTEC Fundazioko presidente eta Zientzia eta Berrikuntzako ministro ohia, Ruth Finkelstein Zahartze Osasungarrirako Brookdale Zentroko zuzendari exekutibo eta New Yorkeko Hunter Collegeko Hiri Osasun Publikoko irakaslea eta Gerardo Gutierrez Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko (SEPE) zuzendari nagusia.

‘Euskal enplegu-politikak eraldatzen, ekonomia jasangarri eta lehiakor batean lan duina izateko’ lelopean, Lan eta Enplegu Sailak enpleguaren, enplegu-politiken berrikuntzaren, ekonomiaren eta gizarteratzearen arloan erreferenteak diren pertsonak bilduko ditu. Pertsona horiek enpleguaren esparruko funtsezko gaiei buruzko ikuspuntua emango dute, hala nola eraldaketei, lan duinaren bermeari, desberdintasunei edo etorkizuneko enplegu-legeei buruzkoa.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak adierazi duenez, legegintzaldi honetan egindako enplegu-kongresuak bat datoz zuzentzen duen sailaren gobernu-programarekin eta haren politikak planifikatzeko tresnekin. Lehenengoa, ‘Euskal Enplegu Sistema eraikitzen’ lelopean, esparru horretan inplikatutako eragile guztiak enplegu-politiken diseinuan txertatzeko abiapuntua izan zen, nabarmendu duenez. Bigarrenak, ‘Enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa kontratu sozial berri baterako’ izenburuarekin, gogorarazi du kalitatezko enplegua kontratu sozial berri horren premisa gisa ezartzeko beharrari erreparatu ziola, eta helburu horretarako bidea definitu zuela 2030eko Enpleguaren Euskal Estrategia (EEE) eta 2021-2024ko Enplegu Plan Estrategikoa landuz.

Horregatik, eta serie logiko horrekin jarraituz, “Enpleguaren V. Biltzarrak euskal politika publikoen egoeraren araberako eta egiturazko erronkei ematen ari gatzaizkien erantzunak aurkeztuko ditu, ikuspegi propio batetik, baina nazioarteko eta Europako joerekin lerrokatuta”.

Ildo horretan, Lehendakariordeak gogorarazi du 2022 “urtea ekintzak gauzatzeko urtea izaten ari dela, ikerketa eta esperimentazioa, berrikuntza- eta ebaluazio-tresna berriak sortzeko urtea, pertsona kalteberek enplegua lortzeko dituzten oztopoak kentzen lagunduko duten programak zehazteko urtea; azken batean, aurreko urteetan zehaztutako erronkei erantzunak eskaintzeko urtea eta EEE 2030ean betetzeko urtea”.

Enpleguari buruzko V. Kongresu honetan landu beharreko gaiak “gure gobernu-helburuen muina dira: datozen urteetarako euskal enplegu-politika publikoaren legegintza-artikulazioa eta aukera-berdintasuna oztopatzen duten gai kritiko, errepikari eta egiturazkoei heltzea, kalitatezko enplegua lortzeko botila-lepoak edo oztopoak baitira”.

Programa zabala

Biltzarraren lehen egunean, nazioarteko eta euskal lan-merkatuan eragiten duten funtsezko faktoreak aztertuko dira, eta, besteak beste, egoeraren araberako aldaketak, hala nola krisiak, pandemia eta Ukrainako gerra, egituratu ahal izango dira. Gainera, enplegu duinerako politiketarako eskubide subjektiboari buruz hitz egingo da, eskubidearen subjektibotasunaren oinarrietan sakonduko da eta enplegu-zerbitzu publikoen eskatzaileek jaso beharreko zerbitzu edo programetan gauzatuko da. Era berean, enplegu-politika publikoak eztabaidatu eta aztertuko dira, bai eta politika horiek Estatuan eta autonomia-erkidegoan duten lerrokatzea eta lege-esparruek enplegu-sistemaren eraginkortasunean eta efizientzian duten eragina ere.

Bestalde, ostiraleko jardunaldiari hasiera emateko, lan-erreleboaren erronka demografikoari buruzko hitzaldi bat eta eztabaida-mahai bat egingo dira, gehienez ere bost eta hamar urte bitarteko epean populazio-talde handien adina ordezteko eta kudeatzeko beharragatik, eta enplegu-politika publikoen zerbitzura dauden informazio-sistema aurreratuak aztertuko dira. Era berean, biztanleria-talde handiek enplegua lortzeko dituzten oztopoak aztertuko dira, eta enpleguaren etorkizunera begiratzen saiatuko dira, gaur egun bizi ditugun ziurgabetasunak direla-eta, aldaketa geopolitikoak, osasunekoak, klimatikoak edo teknologikoak, besteak beste.