Gizonezko bat atxilotu du Barakaldoko Udaltzaingoak droga trafikoagatik, erdialdeko parke batean

0

Azken orduan atxilotu zituen Barakaldoko Udaltzaingoak bi gizon, droga trafikoagatik, bata, eta auto batean lapurtzeagatik, bestea, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arlo zinegotzi Ángel Madrazok adierazi duenez.

Atxilotuetako bat, 42 urteko gizonezkoa, hauts iluna zeuzkaten termozigilatutako poltsa txikiak (ustez, heroina) saltzen ari zela harrapatu zuten. Zehazki, bi transakzioren lekuko izan ziren poliziak, zeintzuetan diruaren truke droga jasotzen zuten atxilotuaren bezeroek.

Erosleetako baten atzetik joan, eta inguruko kale batean gerarazi zuten poliziek, eta ezkerreko hankako galtzerdian aipatuta substantzia zeukaten bi poltsa txiki konfiskatu zizkioten.  Beste eroslea bizikletaz ihes egiten ahalegindu bazen ere, poliziak nor den jakin du. Ondoren, saltzailea ere atxilotu zuten poliziek, parketik irteten ari zenean droga uzkialdean ezkutatua zuelako susmoa zeukatenez, eta epailearen esku utzi dute.

Bestalde, 22 urteko gizonezko bat ere atxilotu du Udaltzaingoak, Arrontegi auzoan aparkatuta zegoen auto bateko leihatiletako bat hautsi, eta barruan lapurtzen ahalegintzeagatik.

Bertan zeuden lekuko batzuen esanetan, lehenago ere gazteak kalean aparkatutako beste ibilgailu batzuetako leihoak kolpatu zituen, eta mehatxu egin zien delitu-jarrera aurpegiratu ziotenei.  Atxilotua epailearen aurrera eraman dute.

Eskerrak eman dizkie Ángel Madrazok horren bizkor emateagatik abisua Tokiko Poliziari, eta gertatutakoak argitzeko emandako laguntzagatik.