Hizkuntza ohiturei buruzko sormen lanak ondu dituzte udalerri euskaldunetako gazteentzat antolatutako «Arnasetik» sormen lehiaketan

0

“Arnasetik” sormen lehiaketa UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz sustatutako egitasmoa da, udalerri euskaldunetan edo “euskararen arnasguneetan” egiten den Arnasa Gara ekimenaren barnean, euskararen arnasguneek hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.

“Arnasetik” sormen lehiaketak erantzun handia izan du: guztira 99 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko gaztetxoek.

Lehiaketaren helburua bikoitza izan da: alde batetik, arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea; eta, bestetik, arnasguneetako nerabeei hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragitea.

Lehiaketan hiru kategoria bereizi dira, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean aurkeztu beharreko lanak ezberdinak izan dira.

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako ikasleen kategorian, haurrek etorkizun hurbilean, LHtik DBHra eman beharreko jauzian, aurkituko dituzten egoera berriak islatu behar izan dituzte beren sormen lanetan, formatu librean (marrazkian, bertsoan, poeman, bideoan, abestian…). Izan ere, arnasgune gehientsuenak udalerri txikiak baitira, bertako ikasleek inguruetako ikastetxe handiagotara jo behar izaten dute DBH mailako ikasketak egitera. Guztira, 40 lan aurkeztu dira kategoria honetan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailetako ikasleen kategorian, nerabeek bideo-tutorial bat egin behar izan dute youtuber estiloan, Julen Portillo youtuber gaztearen saio bat eredu hartuta. Honetan, 52 lan aurkeztu dira.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetako ikasleen kategorian, gaztetxoei eman zaien bideo bat osatzea eskatzen zitzaien, bideoko protagonistaren galderei erantzunez. Orotara, 7 lan aurkeztu dira.

Sari banaketa, Amasa-Villabonan

Bideo sormen lehiaketaren sari banaketa urriaren 28an egingo da Amasa-Villabonako Gurea Antzokian, 18:00etan. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango zaie, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Sari banaketaz gain, sorpresa ugari ere izango dira Gurea Antzokian; besteak beste, Sara Alonso musikariaren emanaldia. 

Kategoria bakoitzeko finalisten zerrenda:

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian:

    • “LHtik DBHra”, Berriatua Eskola (Berriatua, Bizkaia)

 

    • “Errezildik Azpeitira”, Errezilgo Eskola (Errezil Gipuzkoa)

 

    • “DBHko 1.go eguna”, Bidania-Goiatz Eskola Txikiak (Bidania-Goiatz, Gipuzkoa)

 

    • “Pasabideko kontuek”, Karmelo Etxegarai ikastola (Azpeitia, Gipuzkoa)

 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailei dagokien kategorian:

    • “Ni naiz ni”, Amazabal Institutua (Leitza, Nafarroa)

 

    • “Erromako zubiye-xe”, Azpeitiko ikastola (Azpeitia, Gipuzkoa)

 

    • “Art Attack”, Usurbil (Usurbil, Gipuzkoa)

 

    • “Zer dira arnasguneak?”, Idiazabal (Idiazabal, Gipuzkoa)

 

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian:

    • “Sormen tailerra”, Zarauzko ikastola (Zarautz, Gipuzkoa)

 

    • “Sormen tailerra 2“, Zarauzko ikastola (Zarautz, Gipuzkoa)

 

    • “Arnasa hartu bideodeia”, Tolosa (Tolosa, Gipuzkoa)

 

    • “Minerva eta Mariloli”, Toki Ona Institutua (Bera, Nafarroa)

 

Informazio gehiago: www.arnasagara.eus webgunean.