Indarkeria matxistaren biktima diren adineko emakumeak detektatzeko eta haiei laguntzeko gida aurkeztu da

0
PRUEBA

Gaur goizean, indarkeria matxistaren biktima diren adineko emakumeek jasaten duten indarkeria detektatzeko eta haiei hasierako laguntza emateko gida bat aurkeztu da Bilbon. Suspergintza erakundeak prestatu du gida, Emakundek emandako dirulaguntza bati esker. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak aurkezpenean adierazi duenez, gida honek adineko emakumeen aurkako indarkeriaren berezitasunak gogorarazten dizkigu: «Emakume gehienak autonomia ekonomikorik izan ez duten emakumeak dira; senarrei lan egiteko, kontu korronte bat irekitzeko edo atzerrira joateko baimena eskatu behar izan zieten garai batean; gehienbat, gainerako pertsonak zaintzen jardun dute, aisialdirako eta gozamen pertsonalerako tarterik gabe; emakumeen aurkako indarkeria arazo pertsonala zen garaikoak dira..» Faktore horiek guztiek baldintzatu egin dute indarkeria matxista jasan arren indarkeria hori agerikoa izan ez den emakume hauen bizitza. Emakundeko zuzendariaren hitzetan, «adineko emakumeak askotarikoak diren arren eta guztiek profil berari erantzuten ez dioten arren, adinari lotutako zaurgarritasun berezi batez hitz egin daiteke», eta horregatik da garrantzitsua berezitasun horiek kontuan hartzen dituen tresna berri bat izatea.

Elgarrestak azken urteotan Emakundetik adineko emakumeak ikusarazteko egiten ari den lana azpimarratu du: «2020az geroztik ahalegina egin da adineko emakumeak ikusarazteko, haien ahalduntzea bultzatzeko eta haiekin lan egiteko gakoak ezagutzeko». Hala, 2020an, «Adineko emakumeekin lan egiteko gakoak» izeneko lana egin zen, emakumeen etxeekin batera; azken bi urteetan, Emakunderen azaroaren 25eko kanpainek adineko emakumeek jasaten duten ezkutuko indarkeria izan dute ardatz; eta Jabetuz profesionalen prestakuntza-programan, adineko emakumeei eta indarkeriari buruzko modulu monografiko bat sartu da.

«Gaur beste urrats bat emango dugu bide horretan, indarkeriaren biktima diren adineko emakumeak detektatzeko eta haiei laguntzeko tresna praktikoa izan nahi duen gida hau argitaratuz», adierazi du Elgarrestak.

Gida egiten EDE Fundazioak parte hartu du. Aurkezpen jardunaldian, halaber, Mónica Ramos Toro geroantropologoak «Indarkeria egoerei aurre egiten dieten adineko emakumeen errealitatearen gakoez» hitz egin du.