3,5 milioi euro udal haur eskolen mantenurako

0
Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2022-2023 ikasturtean 0 eta 3 urte arteko umeentzako haur eskolen titular diren toki korporazioei dirulaguntzak ematen dizkien Agindua onartu du gaurko bileran. Hezkuntza Sailak 3,5 milioi euro bideratzen ditu deialdi honetarako.

Dirulaguntzak aipaturiko haur-eskola horiek mantentzeko kostuak finantzatzeko laguntza gisa emango dira, izan ere, haur eskola hauek eskaintzen duten zerbitzua funtsezkoa gertatzen baita euskal familia askorentzat, familia bizitza eta lan bizitza bateragarri egin ahal izateko.

Laguntza hauen helburua da kostuak murriztea batetik, eta 0-3 urte arteko haurrentzako udal titulartasuneko haur-eskolen gaur egungo eskaintza sendotzea, bestetik. Era berean, bazterrean utzi ezin den beste helburu bat da ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaintzea ere, hezkuntza-maila horiei dagozkien gaitasunak eta ezagutzak jasotzea ahalbidetuko dien hezkuntza. Udal bakoitzak jasoko duen ekarpen ekonomikoa, bere titulartasuneko haur-eskoletan okupatutako plazen arabera zehaztuko da.

Euskadin, 13 udalerrik dituzte egun euren titulartasuneko haur-eskolak, 18 haur-eskola orotara 13 udalerritan. Haur-eskola horiek ez daudenez Haurreskolak Partzuergora bildurik, dirulaguntza hauen onuradun izan daitezke. Joan den 2021-2022 ikasturtean, mila ume pasatxo izan dituzte euren geletan.

Hezkuntza Sailak eta Euskadiko udalek –laguntza hauek xede dituzten haur-eskolen titular badira, beti ere-, lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte deialdi hau egoki kudeatzeko.