Urriaren 31n aurkeztuko da Bilbon Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza globala

0

Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak eta BBK Fundazioak aurkeztu zuten joan den irailean egindako Garapen Jasangarriari buruzko Nazio Batuen Goi Mailako Foro Politikoan Local 2030 Koalizioaren Idazkaritza Bilbon kokatzeko hautagaitza. Proposamena Local 2030 Koalizioaren Zuzendaritza Batzordeak babestu zuen.

Local 2030 Koalizioa Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) tokiko ezarpena babesteko eta bizkortzeko Nazio Batuen sistema osoko plataforma eta sarea da. Nazio Batuen sistema, tokiko eta eskualdeko gobernuak eta horien sareak, gobernu nazionalak, sektore pribatua eta erkidegoko erakundeak elkartzen ditu lankidetza sustatzeko, berrikuntza inkubatzeko, irtenbideak partekatzeko eta tokiko eragileei 2030 Garapen Agendaren helburuak lortzen laguntzeko estrategiak ezartzeko. Giza Kokalekuetarako Nazio Batuen Programa (NBE-Habitat), Idazkaritzaren agentzia liderra, eta Nazio Batuen Garapenerako Programa (PNUD), 2022-2023 aldirako txandakako burua, dira koalizioaren buruak.

Bilbon kokatuko den Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzak Local 2030 Koalizioaren lana dinamizatuko du eta NBE barruan eta lurralde eta erkidego guztietan GJHk ezartzen aurrera egingo du. Espainiako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Bilboko Udalarekin eta BBK Fundazioarekin ezarritako aliantzak Koalizioaren eragin eraldatzailea maximizatuko du eta horren gaitasun estrategikoa eta katalizatzailea indartuko du. Helburua da elkarrekin laguntzea tokiko eragileei dauden ezarpen-ahaleginei etekina ateratzen eta tokiko ekintzarako eta eraginerako irtenbide berritzaileak sortuko dituzten aliantzak elikatzea.

Local 2030 Koalizioaren Idazkaritza Bilbon aurkezteko ekitaldia Hirien Munduko Egunean (HME) egingo da. Egun horretan hirien garapen jasangarriaren aldeko interesa sustatzen da mundu osoan, eta aukerak aurkitzeko herrialdeen eta hirien lankidetza bultzatzen da eta hirigintzak planteatzen dituen erronkak aztertzen dira. Hirien Munduko Eguna NBE-Habitatek ezarri zuen 2014an munduaren hirigintzako desafioak nabarmentzeko eta nazioarteko erkidegoa Hiri Agenda Berriaren inplementazioan inplikatzeko. Agenda hori hirigintza jasangarrirako bide-orria da, eta Quitoko 2016ko Habitat III Biltzarrean onartu zen. Aurtengo Hirien Munduko Egunaren leloa da Tokian jardutea globala izateko, eta GJHen hirietako ezarpena bizkortzera zuzendu da. Esparru horretan, eztabaidatuko da nola bizkortu dezakegun GJHen ezarpena hirietan, eta, aldi berean, nola lagundu dezakegun inoiz inor atzean ez uzteko Agenda 2030eko eraldaketarako promesa errealitate bihurtzen.

Ekitaldia GJHak lortzeko hirientzat laguntza handiagoa eskatzen duen World`s To-Do List munduko kanpainaren mugarri bat izango da.