Artolazabal: «Euskadik herrialde eta gizarte solidario, gizatiar, jasangarri eta aurreratu gisa aurrera egiteko eginkizuna familiari dagokio»

0

Beatriz Artolazabalen ustez, “Euskadik herrialde eta gizarte solidario, gizatiar, jasangarri eta aurreratu gisa aurrera egiteko eginkizuna familiari dagokio, bereizgarri izan dugun kolektiboa izan baita beti. Euskal familiei esker, hurbiltasun, herrialde, lan, errespetu, pertsona, duintasun eta elkartasun kontzeptuek bat egin dute”.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak AFAEk (Euskadiko Familia Ekintza) Bilboko Azkuna zentroan antolatutako Familiaren 22. Astean parte hartu du. “AFAEren lana lagungarria da aukera-berdintasunaren, kontziliazioaren eta haurren babes eta sustapenaren printzipioak errespetatzen direla bermatzeko”.

“Hain zuzen ere kontziliazio hori errazteko, Eusko Jaurlaritzak hileko 200 euroko laguntza sustatu du seme-alabak dituzten familientzat, haurren bizitzako lehen 1.000 egunetarako. Ekimen hori datorren urtean jarriko dugu abian”, gogorarazi du.

Artolazabalek aitortu duenez, AFAEk “familiei laguntzeko konpromisoa hartu du, eta, horretarako, gizartearen, enpresen eta familien arteko aliantza eraginkorren sorkuntza sustatzen du, kontziliazio erantzunkide bati begira”.

“Gure politikak bat datoz gizarterik berritzaileenen eta aurreratuenen politikekin.  Familiei laguntzeko modurik eraginkorrena seme-alaben bizitzako lehen urteetan positiboki esku-hartzea eta aukera-berdintasuna sustatzea da. Horretan oinarrituta sortu zen Itunaren beharra. Familiei eta Haurrei Laguntzeko Euskal Planaren indarraldia aurten amaituko da. Aurki, prozesu horren ebaluazioa amaituko dugu, beste erakunde batzuekin eta familia-arloan erreferentziak diren entitateekin (eta, tartean, AFAE´rekin) lankidetzan. Era berean, Familiei Laguntzeko V. Plana lantzen hasiko gara laster”.

Sailburuak, halaber, “Maitea” proiektua ekarri du gogora. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du familia gurasobakar amadunei laguntzeko, eta AFAE´k garatzen du Bizkaiko zenbait udalerritan.