Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Arrasaten, 55 urtetik gorakoentzako Goienagusi kultura-elkartearen 2022-2023 ikasturtea irekitzeko ekitaldian parte hartu du.
Erakundea hamargarren urteurrenaren ospakizuna ospatzen ari dela aprobetxatuta, gaurko topaketa aukera bikaina izan da azken hamar urteotan bizi izandako esperientziak eta lortutako ezagutza gogora ekartzeko eta partekatzeko.
Artolazabalek zorionak eman dizkio Goienagusiri, azken hamar urteotan eginiko lana “oso emankorra” izan delako. Elkarteak helburu du zahartze aktiboagoa eta osasungarriagoa eta kulturalki jakin-min handiagokoa eta sozialki parte-hartzaileagoa dena sustatzea. Hala, bada, hamarkada horretan hainbat eta hainbat jarduera abiarazi ditu, bai jarduera ludikoak bai prestakuntza-jarduerak, sailburuak esandako hitzen arabera, Eusko Jaurlaritzak ere onesten eta partekatzen dituenak: “Zahartze aktiboa eta osasungarria izatea, autonomia pertsonala bultzatzea eta adinekoen parte-hartzea sustatzea. Edo, bestela esanda, bizitza betea lortzea”, esan du.
Gogorarazi duenez, “bizi-itxaropena sekula ez da izan orain bezain altua. Eta hura, zalantzarik gabe, albiste bikaina da. Baina, dakigun bezala, helburua ez da soilik bizitzari urteak gehitzea. Urteei bizitza gehitzea ere bada”. Hori horrela, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradun nagusiak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak apustu egiten duela «bizi-zikloko edozein etapatan bizi-kalitatea hobetzearen eta kalitateari eustearen alde», bai eta «bildutako esperientziaren balioa nabarmentzearen eta nahi ez den bakardadearen aurka borrokatzearen alde ere eta, laburbilduz, nagusiak gizarte berdinzaleagoa eta inklusiboagoa garatzeko eta finkatzeko funtsezko elementu izatearen alde”.
Jaurlaritza, Artolazabalek esan duenez, “urrats sendoak” ematen ari da “gizarte-ongizatearen eta pertsonalaren eredu berri” bat finkatzeko trantsizioan, eta eredu horrek, “erakunde-lidergoaren pean, sektore publikoaren, sektore pribatuaren, hirugarren sektore sozialaren eta familia- eta komunitate-eremuaren koordinazioa eta elkarlana sustatzea du xede. Urrats horien adibide gisa, sailburuak honako hauek aipatu ditu, besteak beste: Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategia, Arreta Soziosanitarioaren Estrategia, adinekoekin espazio lagunkoiagoak izateko Euskadi Lagunkoia sarea eta parte-hartzeko eta gobernantza partekatuko Nagusi Agenda programa, 2022an adinkeriaren aurkako borrokara bideratua.