Eusko Jaurlaritzak 2021ean onartutako eta Europako Itun Berdearekin bat datorren Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Planaren berri eman du Egurtek Basoen Nazioarteko Foroan. Euskadik eremu horretako liderren artean egon nahi du EBn.

0

EGURTEK Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroak urriaren 19an eta 20an egingo du bederatzigarren edizioa Barakaldoko BECen. Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak inauguratu du ekitaldia eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteak Egurteken esparruan antolatutako jardunaldi teknikoetan hartu du parte.

Lehenengo jardunaldi teknikoan, “Basoko Bioekonomia Zirkularra sustatzeko Euskadiko estrategia”, Leire Barañanok, Neikerreko zuzendariak, basoko bioekonomia sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategia azaldu du eta alor horretan I+G+b proiektuak garatzen ari diren Euskadiko zenbait enpresaren parte hartzea izan du.

Plan aitzindaria

Euskadi erkidego aitzindaria da garapen jasangarriarekin konpromisoa izatean, ingurumena errespetatzen eta klima-aldaketaren aurkako borroka-estrategian. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko datuen arabera, 2000. urteaz geroztik euskal ekonomia % 26 hazi da; aldiz, materialen kontsumoa % 25 murriztu da eta zabortegietako hiri-hondakinen bolumena % 56 murriztu da.

Testuinguru horretan onetsi zuen Eusko Jaurlaritzak 2021ean Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana, Europako Itun Berdearekin lerrokatutako ekimena, lehengaien kontsumoaren eraginkortasuna sustatzeko, hondakinak murrizteko eta ekoizpen garbia optimizatzeko. Plan horren erronken artean dago ekoizpen materiala % 30 haztea, hondakinak sortzeko tasa % 10 murriztea eta Euskadi Europako ekonomia zirkularraren buru direnen artean kokatzea.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egin du Plana eta Neiker eta Hazi funtsezko eragileak izan dira. Planaren xedea zenbait erronkari erantzutea da, hala nola negozio-eredu zirkularragoak sor daitezen bultzatzea; materialak (aurreratuak eta berriztagarriak), prozesuak eta produktuak berritzea; produktuen bizitza baliagarria luzatzea; lehengaien kontsumoa eta hondakinak sortzea murriztea; kontsumo-eredu zirkularragoa sustatzea; elikagaien xahuketa murriztea; plastikoen erabilera eraginkorragoa sustatzea; berrerabiltzea, birziklatzea eta hondakinak berreskuratzea areagotzea; eta bigarren mailako lehengaien erabilera haztea.

2018az geroztik Eusko Jaurlaritzak 2,1 milioi euro eman ditu guztira laguntzetan, bioekonomiaren arloan 25 proiektu garatzeko. Aurten, finantzaketa-lerro horrek 3,1 milioiko zuzkidura du. Guztira 15 proiektu aurkeztu dira, eta gaur egun ebaluatzen ari dira.

Lankidetza publiko-pribatua

Eraldaketa horri heltzeko, beharrezkoa da talentuan, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzea. Lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako apustua da, eta eragileekin eta enpresa teknologikoekin eta sektorialekin sarean egindako lanaren bidez garatuko da. Apustu horren adibide gisa, zenbait adibide aurkeztu dira jardunaldian Eusko Jaurlaritzaren edo beste erakunde batzuen babesarekin alor horretan proiektuak garatzen ari diren enpresenak, esaterako:

SBS Thermal Technologies. Edozein hondakin mota balorizatu eta ondoren ekoizpen-katean berriro sartzeko teknologiak garatzen eta ezartzen ditu. Hondakinen eraldaketa energia garbian, bioerregaietan eta lehengai birbalorizatuan denbora laburragoan eta % 40ra arteko energia-aurrezpenarekin.

Ma+D Ingeniería de valorización de residuos. UPV-EHUren spin-off bat da, 2014an sortua. Nekazaritzako eta basoko azpiproduktuak balorizatzeko ingeniaritza-enpresa da, Ingeniaritza Kimikoko Prozesuen teknologia aurreratuak erabiliz, industriari oro har eta basogintzaren eta nekazaritzako elikagaien esparruari bereziki aukera ematen diena beraien azpiproduktuak aprobetxatzeko eta balio erantsi handiko produktuak lortzeko.

Simune Atomistics. Softwareak egiten dituen enpresa da eta ikuspegi mekaniko kuantiko eta atomistikoetan oinarritutako irtenbideak ekoizten ditu. 2014an abiatu zen mundu mailako izen handiko zientzialari adituen talde baten eta CIC nanoGUNE Nanozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroaren artean sortutako enpresa gisa.

Smurfit Kappa. Europan buru den multinazionala, uhin-kartoizko enbalajeak, edukiontzietarako kartoiak eta «Bag-in-Box®» eraikitzen. Ikuspegi bakarra du berrikuntzaren arloan eta horren ondorioz garatu du Acolchado proiektua, hau da, nekazaritzan erabiltzen den plastikoa ordezkatzeko propietate elastikoak dituen papera. Paper hori desbobinatzeko makinan erabil daiteke, Cyperus rotundus belar txarraren kontrol bikaina ahalbidetzen du eta erabat biodegradagarria da.

Iñaki Bereziartua SL. 25 urteko baino gehiagoko esperientzia duen erakundea da, zerratutako zura ekoizten du eta industriarako ontziak egiten ditu. Aspaldi egin zuen bioekonomiaren aldeko apustu argia.

“Enbalajeak egiteko txatalak berrerabiliz egurrezko mosaikoak egiteko automatizazioko lerro pilotua (Takos)” proiektua garatu du eta bazkidea da “Zelulosa-ligninazko bioplastiko biodegradagarriak, moldeagarriak eta prestazio hobetuak dituztenak lortzeko bioekonomia jasangarriko prozesu berriak (Lignoplast)” izenekoan; baita Zur Grader delakoan ere bai, zeinetan diseinatu eta abian jarri behar den zerratutako egurra automatikoki sailkatzeko lerro bat, egurraren egiturazko propietateetan oinarritua.