Hasierako onespena eman zaio Loiolako Hiri Lorategia urbanizatzeko proiektuari

0
PRUEBA

Erriberak eta Loiola arteko zonaldeak 260 etxebizitza berri izango ditu, eta 4 hektarea baino gehiagoko eremua oinezkoentza.

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du hasierako onespena ematea Loiolako Hiri Lorategia urbanizatzeko proiektuari. Honek zonaldeko hiri-berroneratze globala ekarriko du, etxebizitza, ekipamendu, bide, espazio libre eta aisialdirako eremu berriak sortuz, eta gaur egun ez duen hiri-kalitatea emanez.

Halaber, 2010eko Plan Orokorrean aurreikusitako hirigintza-helburuei erantzuna emango zaie. Hau da, eremua lehentasunez bizitegi-erabilietara bideratuko da. Hala, guztira, 260 etxebizitza berri antolatuko dira eta horietatik, %40a gutxi gorabehera, gizarte-babesekoak izango dira.

Proiektuak, besteak beste, honako hobekuntza hauek barneratzen ditu: Aralar kalea oinezkoentzat jartzea; Matxiene kalea berriz urbanizatzea, oinezkoentzako ardatz bihurtuz; Kultur Etxeko plaza antolatzea eta urbanizatzea, espazio publiko eta irekia aurreikusiz; bi kirol-gune eta jolas dibertsifikatuak antolatzea, haur, gazte eta adinekoentzat; edo aparkalekuetarako azalera urbanizatzea, kirol-pista batekin batera.

Hala izanik, 4 hektarea baino gehiagoko eremu jarraitu bat lortuko da, oinezkoentzat erreserbatua, eta bertan 5.000 metro karratu inguruko plaza handi bat nabarmenduko da, hainbat ekipamenduz hornitua. Aipatzekoa da, besteak beste, Kultur Etxea, Loiolako eremuaren eta auzoaren ardatz gisa kalitatezko eta aniztasuneko espazio publikoa hartzea aurreikusten duena.

Bidebieta-Trintxerpe bidegorria

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du San Pedro hiribidearen eta Bidebietaren arteko bidegorri-proiektuaren eguneratzearen aldaketa, Endara Ingenieros Asociados SL enpresak idatzitakoa.

Hain zuzen ere. aurrekontuaren eguneratze bat da, 414.000 eurotik 513.360 eurora igo dena, Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka belikoak sortutako inflazio handiaren ondorioz.

Zoladurak berritzeko obrak

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Udaleko Bide Publikoetako Zerbitzuak idatzitako hiriko hainbat eremutan segurtasun zoladurak berritzeko obren proiektua onartzea. Bi lote ezberdin dira. Lehenengo loteak Zuberoa plaza, Lugaritz-Iza parkea eta Harria parkea (txikien gunea) barneratzen ditu eta 50.310 euroko aurrekontua dauka.

Bigarren loteak Aita Meagher plaza, Sagues eta Txofre plaza hartzen ditu, 46.862 euroko aurrekontuarekin.

Urumeako uraren kalitatearen hobekuntza

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du “Urumea ibaian ur-masen kalitatea hobetzeko obren proiektua onartzea, Anoetako gainezkabidea egokitzea”, Uren Ustiapen eta Saneamendu Zerbitzuak idatzia.

Idatzitako proiektuak 444.790 euroko aurrekontua barneratzen du eta 5 hilabeteko exekuzio-epea dauka.