Energia aurrezteko laguntzaile adimentsu batek irabazi du Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko aplikazio onenari Open Data Saria

0

Energia aurrezteko laguntzaile adimentsua da Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak antolatzen dituen Open Data Sarien aurtengo edizioko Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko lehiaketa irabazi duen proiektua. Unai Antero Urrutikoetxea da ‘enEKO’ izeneko proiektuaren egilea eta 10.000 euroko saria jasoko du. Epaimahaiak bere lana baloratu du ondoen lehiaketara aurkeztutako 18 proiektuen artean.

Bigarren saria Ander Fernandez Jauregirentzat izan da, ‘iApparca’ proiektuarekin, adimen artifizialari esker plaza libreak dituen aparkalekua bilatzea errazten duen aplikatiboarekin. 8.000 euroko saria jasoko du.

Aplikazioen lehiaketan, gailu mugikorretarako zerbitzu, estudio, web-aplikazio edo aplikazio bat garatzen duten proiektuak aurkeztu dira, Euskadiko datu irekien katalogo nagusietako datu multzoak erabiliz.

Ideia onenak – Ideien lehiaketa, berriz, proposamen originalak garatu nahi dituzten pertsonei zuzenduta dago, datu irekietatik abiatuta sortutako edozein zerbitzu, azterketa, bistaratze edo aplikazio mota proposatuz. Atal honetan, datu irekien berrerabilpenaren ideia onenaren saria Adriana Aguirrek, Mathilde Marengok eta Iacopo Nerik aurkeztutako lanarentzat izan da, eta 5.000 euroko saria jasoko dute. ‘Lur’ izenarekin bataiatua, ideiaren mamia lurzoruaren balio multifuntzionalean oinarritutako plangintza estrategiko iraunkorrerako DSS bat da.

Bigarren ideia onenaren saria Sergio Diaz eta Antonio Jose Saezentzat da, lehiaketara  ‘OpenDatarekin nire alergia jada ez da arazo’ izeneko ideia aurkeztu baitute. Bigarren sari honengatik 3.000 euro jasoko dute.

Open Data Euskadi Euskadiko sektore publikoaren informazioa berrerabiltzea bultzatzen duen datu irekien ataria da. Zerbitzu honek datuak lehen eskutik eskaintzen ditu, eraldatu eta interpretatu gabe, hirugarren pertsonek datu horietatik eratorritako zerbitzuak sortu ahal izateko eta administrazio gardena eta irekia lortzeko. Erabilera bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalen laguntzarekin, Open Data Sarien laugarren edizioa antolatu du, bi ideia onenak eta bi aplikazio onenak aintzatetsiz.

Diploma eta sarien banaketa azaroaren 18an egingo da, Bilbon, eta bertan 2021eko Elkarlan Sariak ere banatuko dira. Bi sariek balio publikoa sortzeko eta datu irekien berrerabilera sustatzeko herritarrek egindako proiekturik onenak aintzatesten dituzte.

OPEN DATA 2022 SARIAK

Aplikazio onena: Unai Antero – ‘enEKO: Energia aurrezteko laguntzaile adimenduna’. Erabiltzaileari energia aurrezten laguntzeko aplikazio bat da. EnEKO laguntzaile birtuala da, eta bere funtzio nagusia energiaren prezio onena ezagutuz energia modu arrazionalagoan erabiltzeko beharrezkoa den informaziorako sarbide erraza eskaintzea da.

Bigarren aplikaziorik onena: Ander Fernandez – ‘Apparca: Aurkitu plaza libreak dituen aparkalekurik hurbilena, Adimen Artifizialari esker’. Donostiako Udalaren datu irekietan oinarritutako web aplikazio bat da, turistei euren bidaiak planifikatzelaguntzen diena, gertuen dagoen plaza libreak dituen aparkalekua zein den 14 eguneko aurrerapenarekin adierazita.

Ideiarik onena: Adriana Aguirre, Mathilde Marengo eta Iacopo Neri – ‘Lur: Lurraren balio multifuntzionalean oinarritutako plangintza estrategiko iraunkorrerako DSS bat’ . Lurzoruaren erresilientzia neurtzeko gai den ebaluazio tresna bat garatzeko bidea eskaintzen du ideia honek. Datuen analisian oinarritutako ikuspegi baten bidez, taxonomia erantzungarri berri bat sortuko luke tresna horrek, lurzoruak modu dinamikoan ematen dituen zerbitzu ekosistemikoen balioa ulertzeko.

Bigarren ideia onena: Sergio Diaz eta Antonio Jose Saez – OpenDatarekin nire alergia jada ez da arazo bat ‘. Polen maila altuak eragiten duen ondoeza aurreikusteko tresna bat proposatzen da ideia honetan, polenari alergia dietenei alegia, betiere funtsezko faktoreak kontuan hartuta, hala nola tenperatura, airearen kalitatea eta plubiometria. Gainera, arreta medikoa behar duen gertakariren bat izanez gero, hurbilen dagoen osasun zentroa proposatzen du.