Euskadi Europako industriaren eta ETEen erdigunea izango da 2023ko azaroan

0

Euskadi Europako industriaren eta ETEen erdigune bilakatuko da 2023ko azaroaren 13tik 17ra. Aste horretan BECen egingo dira “SME Assembly” ekitaldia, Europe Enterprise Network (EEN) sarearen urteroko konferentzia, eta baita ere “Basque Open Industry”, gure ekosistema industrial eta teknologiko publiko-pribatua Europari erakusteko ekitaldia.

Aitor Urzelaik, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak, gaur goizean jaso du lekukoa Pragan Europako Batzordeko ordezkarien eskutik. Hala, Euskadi egoitza ofizial bilakatu da Europako industria arloko hitzordu bikoitzerako, arreta berezia jarriko zaielarik ETEei eta ekintzailetzari.

“Basque Open Industry 2023” (azaroak 13-17) ekitaldiak euskal industriaren potentziala kontzentratuko du, eta baliagarria izango da Euskadiri nazioarteko proiekzio garrantzitsua emateko. Batetik, “SME Assembly” batzarrarekin (azaroaren 13tik 15era), hots, enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) Europan egiten den ekitaldi garrantzitsuenarekin.  Eta bestetik, aste horretan bertan egingo den Europe Enterprise Network-EEN sarearen urteroko konferentziarekin (azaroaren 15etik 17ra). EEN-k milatik gora ordezkari europar biltzen ditu eta Euskadi antolakunde horretako kide da hasiera-hasieratik.

SPRI taldeak zuzentzen du Enterprise Europe Network Sarearen euskal partzuergoa. Europako Batzordeak sustatutako sare horrek aholkularitza eta Europar Batasuneko negozio-aukerei buruzko informazioa ematen die ETEei transferentzia teknologikoko prozesuetan, eta sarbidea errazten die I+G+B-a finantzatzeko Europako programetara.

Sare horrek harremanetan jartzen ditu ETEak merkatu globalekin, ez daitezen egon euren toki-esparruaren menpe eta aukera berriak aurki ditzaten. Eta laguntza ematen die digitalizazio eta jasangarritasun arloetako eraldaketetara egokitzeko, eta horrela krisiei aurre egiteko gaitasuna hobetzeko.

ETEei laguntzeko sare handiena da, 20 urtetik gorako esperientzia duena, eta bereziki sortu dena zure I+G+B proiektua Europan hazarazteko.

SPRI Taldeak (Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko erakunde publikoa) bere gain hartu du nazioarteko bi hitzorduak koordinatzeko lana, eta biak bilduko dira “Basque Open Industry 2023” ekitaldiaren barruan, zeinaren helburua baita nazioarteko proiekziodun erakusleiho bat eskaintzea Euskadiko industria berritzaile eta puntakoenari.