Jema Energy arduratu da Londresko autobus elektrikoen 358 linearen elektrifikazioa egiteaz. Linea horrek 16 milia (ia 26 kilometro) inguruko ibilbidea egiten du, estandarrak baino ibilbide luzeagoa. Erresuma Batuan duela gutxi onartutako eskala handiko proiektu baten parte da, eta herrialde osoan hiriko autobus elektrikoentzako aukerako karga-puntuak dituen korridore bat ezarri nahi du.
Hori horrela, Irizar Taldeko kide den Gipuzkoako enpresak egindako lehen instalazio honek aukera eman du etorkizuneko korridore horren funtzionamendua aldez aurretik baliozkotzeko. Horretarako, bi karga-geltoki jarri dira, 500 kW-ko kargagailu batez osatuak. Kargagailu horrek alderantzizko pantografo baten bidez elikatzen ditu autobusak, ibilgailuaren goialdetik dauden korronteak automatikoki hartzea ahalbidetzen duen gailua, alegia. Horrela, autobusak erabat kargatzen dira egun bakoitzaren hasieran, eta pantografo hori erabiltzen dute ibilbidearen bi muturretan, Orpingtonen eta Crystal Palacen, kableen bidez kargatzeko.
Era berean, instalazioa osatzeko, sistema osagarrien multzo bat dago, monitorizatu, kontrolatu eta babesteko; horrez gain, babes-sistemak daude, hala nola elementu sentikorrak automatikoki aldatzeko aukera ematen duen elikatze bikoitza, edo suteak detektatzeko eta itzaltzeko moduluak.
Izaera berritzailea eta nazioartekoa
Sektorean 65 urte baino gehiagorekin, mundu osoan 400 instalazio baino gehiagorekin eta bere plantillaren % 60 baino gehiago ikerketan eta produktu berrien garapenera bideratuta, Jema Energy energia-bihurketako sistemetan eta soluzioetan erreferentziazko hornitzaileetako bat da. 90 herrialde baino gehiagotan duen presentziak berresten du hori, besteak beste, Estatu Batuetan, Japonian, Mexikon, Brasilen, Arabiar Emirerri Batuetan, Omanen, Errusian eta Europa osoko herrialdeetan.
Beste proiektu nabarmenetako bat datorren 2023an RATPrekin (Parisko Garraio Administrazio Autonomoarekin) Parisen egingo duena da. Bertan, Jemak 150 kargadore baino gehiago jarriko ditu Frantziako hiriburuko kotxetegiak elektrifikatzeko. 2015ean hasitako BUS2025 programaren barruan kokatzen den proiektua da, % 100eko flota ekologikoa eta hiri-garraio publiko iraunkorrean erreferentea lortzea helburu duena.
Proiektu honen xehetasunak eta ibilgailu astunentzako elektromugikortasunean arrakasta izan duten beste irtenbide eta arrakasta-kasu batzuk ekainean aurkeztu zituen Gipuzkoako enpresak Parisko European Mobility Expon; eta hala egingo dute azaroaren 1etik 3ra Birminghameko (Erresuma Batua) Euro Bus Expoan.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.