Donostia, 2023ko Gizarte Ekonomiaren hiriburu

0
PRUEBA

Eneko Goia alkateak oso positibotzat jo du Espainiako Gobernuak Donostia 2023ko Gizarte Ekonomiaren Hiriburu izendatu izana. Gaur ezagutu den erabakiak hiria sektore horretan lan egiten duten enpresa eta erakundeentzako erreferente gisa sendotzen du.

Izan ere, “hiria gizarte-ekonomiak pisu eta garrantzi handia duen lurraldearen erreferentzia nagusia da”, gaineratu du.

Goiak adierazi duenez, izendapen horrek erakundeak inplikatzen ditu, baina baita elkarte eta enpresa-sarea ere, lankidetza publiko-pribatutik gero eta garrantzi sozial handiagoa duen sektorea ehuntzen ari baikara.

Hala, alkateak gogora ekarri du mugimendu kooperatiboa Gipuzkoan jaio zela eta sustrai sendoak dituela. Halaber, Gureak enpresa bezalako esperientziak aipatu ditu. Enpresa honek 5.000 langile inguru ditu, eta gizarte inklusiotik laneratzea eskaintzen du. Goiak defendatu duenez, Gipuzkoatik eta Donostiatik garatutako “esperientzia hau eta beste batzuk erreferentzia eta eredu” izan daitezke beste batzuentzat.
Alkateak adierazi duenez, “izendapen hau Donostiak sektore sozial eta ekonomikoan izan dezakeen zereginaren bultzada da”. “Hiriak ibilbide-orri bat du. Besteak beste, Think Tank bat sortzeko aukera lantzen ari gara, gizarte-ekonomiaren eta garatzeko eta ezartzeko dituen aukeren inguruan, ez bakarrik garapen ekonomikorako, baita egituratze eta kohesio sozialerako ere”, zehaztu du.

Modu honetan, Donostiak Santiago de Compostelaren lekukoa hartuko du, pertsonen beharrekin konprometitutako ekonomia solidarioaren hiriburu gisa, ingurumena errespetatzen duen, berdintasuna bilatzen lan egiten duen eta 2030 Agendaren helburuak ildo nagusi gisa hartzen dituen ekonomia modu baten hiriburu gisa.