Polymat ikerketa zentroaren hamargarren urteurrena

0

POLYMAT Hezkuntza Sailari atxikitako bikaintasuneko ikerketa-zentroak, hogeita hamar nazionalitate baino gehiagoko 180 ikertzaile dituenak, ekitaldi zientifiko eta instituzional bat egin du Donostian, bere hamargarren urteurrena ospatzeko.

Ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria Zentroan, Donostian, ospatu da. Bertan parte hartu dute Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak, Euskao Jaurlaritzako Unibertsitateetako sailburuorde eta POLYMATeko presidente Adolfo Moraisek, Gipuzkoako Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Jabier Larrañagak eta POLYMATeko zuzendari zientifiko José M. Asuak.

Ikerbasquek eta Euskal Herriko Unibertsitateak osatzen eta sustatzen dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundia du gobernu-organoan. POLYMATen lan-eremua polimeroak dira, dagoen materialik moldakorrena, gure bizitzako ia alderdi guztietan erabiltzen dena. POLYMATek ahalegin eta baliabide handiak eskaintzen ditu bere ezagutzaren mugak hedatzeko polimeroen ekoizpenean eta prozesamenduan eragina duten funtsezko alderdietan, polimeroen kimika eta fisika teoria eta simulazioarekin konbinatuz. Ezagutza horretan oinarritzen da zentroa polimeroen garapen espezifikoetan, XXI. mendeak energian, osasunean eta jasangarritasunean dituen erronkei aurre egiteko.

Heldutasun teknologikoko maila guztiak hartzen dituen ikerketa bat egiten du, oinarrizko ikerketatik hasi eta start up-ak merkaturatzeraino. Horren ondorioz, azken hamar urteotan 1300 argitalpen zientifiko eta 120 doktore-tesi baino gehiago sortu dira, eta Europako 48 proiektutan parte hartu da, 3 ERC barne. Gainera, nazioarteko 22 kongresu antolatu dira.

POLYMATen beste helburu nagusietako bat da ikerketa merkatura iristea eta enpresei zein gizarteari transferentzia bat egitea. Hamarkada honetan, nazioko eta nazioarteko 50 enpresa baino gehiagori eman dizkiegu zerbitzuak, eta 3 start up abiarazi ditugu.