Raffaele Mazzolari Young Investigator Awardeko finalista

0

Raffaele Mazzolari doktorea (UPV/EHU), Ikertzaile Gaztearen Sariko finalista izan zen Kirol Zientzien Europako Elkarteak Sevillan egin zuen azken urteko kongresuan. Aurkeztu zuen lana (‘Cardiorespiratory adaptations and performance improvement in response to high-intensity interval training in distance runners: physiological vs. race pace approach’) UPV/EHUn defendatu zuen eta Jordan Santos-Concejero irakasleak zuzendu zuen doktorego tesiaren parte da.

Lanaren helburua da oso galdera erraz bati erantzutea: Nola aplikatu beharko litzateke espezifikotasun printzipioa entrenamendu bat agintzean? Distantzia luzeko eliteko korrikalarien datuek eta entrenatzaileek iradokitzen dutenez, entrenamenduaren preskripzioa dena delako lasterketaren erritmoaren ehuneko jakin baten arabera indibidualizatzea izan daiteke errendimendua maximizatzeko gakoa. Bestalde, ikerketak erakusten duenez, entrenamendua agintzeko parametro fisiologiko indibidualak erabiltzeak parametro espezifiko horietan egokitzapenak egitea dakar, eta horrek ez du zertan errendimendu hobea ekarri. Bi alderdi horiek kontuan hartuta, azterketa bat egitea erabaki zen, bi ikuspegiek egokitzapen fisiologikoetan eta iraupen korrikalarien errendimenduan dituzten ondorioak alderatzeko.

Hainbat atletarekin egindako proben ondoren, emaitzek hipotesiak berretsi zituzten. “Banakako ezaugarri fisiologikoen arabera agindutako HIIT (high-intensity interval training) egin zuen taldeak dena delako lasterketako erritmoaren arabera agindutako HIIT egin zuen taldeak baino irabazi kardiorrespiratorio esanguratsuagoak erakutsi zituen. Kontrakoa egia izan zen lasterketako errendimenduari dagokionez”, azaltzen du Raffaele Mazzolarik.

Emaitza horiei esker ondoriozta daiteke HIIT preskripzioak indibidualizatzeko hartutako ikuspegiak eragina duela iraupen korrikalarien entrenamenduari emandako erantzun motan, eta zenbait gomendio ematen dizkie entrenatzaileei entrenamendu preskripzioetarako erabili beharreko metodorik onenari buruz, denboraldiko faseko helburuen arabera.

Informazio osagarria

Raffaele Mazzolarik joan den apirilean defendatu zuen doktorego tesia Euskal Herriko Unibertsitatean. ‘Effects of different high-intensity interval training prescription models on physiological response and performance in trained distance runners’ du izena, eta UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Jordan Santos-Concejero doktoreak zuzendu zuen. Bikain Cum Laude kalifikazioa eta nazioarteko aipamena lortu zituen.