Lehendakariordeak aurreratu zuen bere Sailak baliabide gehiago izango dituela arrakasta-bidea sendotzeko, hala nola lankidetza eta bere neurrien osagarritasuna Europatik iristen direnekin.

0

Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak aurreratu duenez, enplegurako partidak 2023ko euskal aurrekontuetan handituko dira, “esploratu dugun arrakastaren bidea, hedatu ditugun proiektu berritzaileena eta erakundeen arteko lankidetza eta neurrien osagarritasuna sendotzeko”.

Mendiak beste urte batez parte hartu du Bilboko Udalean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan diseinatzen diren Bizkaiko hiribururako enplegu-planen aurkezpenean, eta gaur bertan jakin diren hirugarren hiruhilekoko datu estatistikoak aipatu ditu. “Datu positiboa da, argi eta garbi, legegintzaldiko helburuaren barruan: tasa hori % 10etik beherakoa izatea”.

Ildo horretan, Lehendakariordeak gogorarazi du datorren astean Gobernu Kontseiluak 2023ko ekitaldirako aurrekontu-proiektua onartuko duela, “hainbeste mehatxu bizi ditugun garai hauei aurre egiteko” aurrekontuak. Aurrekontuak izango dira, gaineratu du, “gehien behar dutenei estaldura handiagoa eskainiko dietenak, baina baita enplegu-aukera handiagoak ere, datuek adierazten digutelako politika berriei esker aurre egin dakiekeela sortu zaizkigun erronka guztiei”.

Horregatik, aurreratu nahi izan du buru den Sailak “baliabide gehiago izango dituela esploratu dugun arrakasta-bidea, hedatu ditugun proiektu berritzaileena, eta Europatik, Espainiako Gobernutik eta Foru Aldundietatik eta udaletatik datozen neurriekiko lankidetza eta osagarritasunarena sendotzeko”. Esan duenez, “ate irekia da aurrerapen ekonomikoaren eta gizarte-kohesioaren bide horretan sakondu nahi duten alderdi guztiek parte har dezaten”.

Lehendakariordeak berriro ere erakundeen arteko adostasunaren aldeko apustua egin du. “Jendearen zerbitzura dagoen politika erabilgarria”, definitu du; izan ere, “gure desadostasunen gainetik, horiek baditugu, erakusten ari gara adostasunak ez direla beharrezkoak arrazoi aritmetikoengatik, baizik eta herritarrei norabide argia eskaintzeko, konpromiso- eta egonkortasun-seinaleak behar dituzte eta”.

Helburu horretan kokatu du Lan eta Enplegu Sailaren lana; izan ere, “tokiko enplegu-plan horiek Euskadiko kale bakoitzaren beharrei lotuta mantentzeaz gain, begirada luzeko ibilbide-orri bat zabaltzen ari da, hamarkada baterako Enpleguaren Euskal Estrategia bat, gizarte-eragile eta talde politiko guztien ekarpenak izan dituena”, laneratzearen, prestakuntzaren eta kontratazioaren arloko programa berritzaileak, eta Euskadik izango duen lehenengo Enplegu Legearekin amaituko dena.