Autonomia erkidegoek eta tokiko funtsek koordinazio bateratua eta eraginkorra egiteko konpromisoa hartu dute
17 autonimia erkidegoetako, tokiko funtsetako eta bost lankidetza agentzietako ?tartean eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia? teknikari eta politikari aste honetan bildu dira Caceresen Autonomia Erkidegoen eta Garapenerako Lankidetzaren XIV. Topaketan. Bukaeran parte-hartzaileek adierazpen bateratu bat irakurri dute, non lankidetza deszentralizatuak, elkartasunak eta lan bateratuak pandemiak areagotutako desberdintasunei eta pobreziari erantzuteko duten papera nabarmendu duten.
Lankidetza deszentralizatua erkidegoetako gobernuek, eskualdeetako erakunde publikoek eta udalek egiten dutena da. Topaketan estatu osoko hainbat agentzia eta eragile bildu dira garapenerako lankidetzaren arloan dituzten politikak partekatzeko. Parte-hartzaileak lan saioetan egon dira, eta erakundeen arteko koordinazioko jardunbide egokiak ezagutu ez ezik, lankidetza deszentralizatuko esperientzien berri izan dute.
Oraingo honetan, Garapenerako Lankidetza Deszentralizatuko saria jaso dute giza eskubideen defendatzaileak babesteko programek. Bost programa dira, eta balio dute beren jatorrizko herrialdeetan egiten duten giza eskubideen defentsagatik bizitzak mehatxupean dituzten aktibistak aldi batez artatzeko, babesteko edo harrera egiteko.
Topaketa bukatu da bost konpromiso dituen adierazpen batekin: erakundeen arteko koordinazioarekin aurrera egin modu bateratu eta eraginkor baten bidez lankidetza deszentralizatuko eragile guztiekin; lankidetzaren kalitatea hobetu, erakundeen kultura politikoan eta administratiboan aldaketak eraginez; herritarrak gizarte bidezkoagoak lortzen inplikatu; aurrekontu konpromisoan aurrera egin, eta covid-19aren txertaketa prozesuari lagundu, nazioarteko funtsei ekarpenak eginez. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euro eman dizkio Covax mekanismoa gidatzen duen Txertaketaren aldeko Munduko Aliantzari.